Arima Soul taldeak Donostian aurkeztuko du bere lehenengo disko luzea
Arima Soul talde donostiarrak bere lehenengo disko luzea argitaratuko du urrian, eta Donostian aurkeztuko dute urriaren 14an, Lugaritz Kultur Etxean, 19:30ean; sarrerak salgai daude dagoeneko. Diskoaren singlea plazaratu zuten maiatzean: Arima Du Got Soul, Broken Brothers Brass Band taldeko Ion Celestinorekin (tronpeta) eta Adrian Martinezekin (tronboia) elkarlanean; Ana Minguez dantzari donostiarrak ere parte hartu zuen bideoklipean. 1960ko eta 1970eko hamarkadetako soul eta rhythm & blues kutsuko musika egiten dute, baina neo-soularen ukitu garaikidearekin eta euskaraz. Diskoa udaberrian grabatu zuten Donostiako Elkar estudioetan, Victor Sanchez soinu teknikariaren gidaritzapean.
Lidia Insausti abeslari donostiarrak eta Mikel Unzurrunzaga Makala baxu jotzaile zarauztarrak sortu zuten taldea 2020an, eta taldearen izen bereko EP bat argitaratu zuten urte amaieran, Paul San Martin pianista donostiarrarekin eta Hilario Rodeiro bateria jotzailearekin batera. Gaur egun, aldiz, Gorka Gaztanbide iruindarra da taldeko bateria jotzailea. Hedabide honek Insausti eta Makala elkarrizketatu zituen EP-a argitaratu zutenean, eta argi zuten proiektuaren norabidea: “Gure apustua soula euskaraz egitea da”.