Donostiroller elkarteak hamabost urte beteko ditu
Donostiroller patinatzaileen elkarteak hamabost urte beteko ditu bihar, hilaren 7an, eta asteazkeneroko legez, hiriko kaleetatik ibiliko dira patinetan, Karlos Santamaria plazatik 19:30ean abiatuta. Patinetan ibiltzeko gelditzen zen lagun talde bat zen hasieran, baina, pixkanaka, gero eta jende gehiago joan zen parte hartzen, eta elkarte izatera pasatu ziren 2007an.
Gaur egun, asteazkenero ateratzen dira patinetan ibiltzera, urte osoan zehar, eta soilik euria egiten badu gelditzen dira etxean. Gainera, elkarteko kide batzuek patinetan lehiatzen dute, eta, besteak beste, Behobia-Donostia lasterketan parte hartu ohi dute. Donostiroller elkarteak patinatzea gustuko duten pertsona guztien “topagune irekitzat” du bere burua, eta “Donostian eta inguruetan patinajea praktikatzea erraztea” du helburu.
Era berean, patinajea “joan-etorriak, jolasaldiak eta kirola egiteko modu gisa” aldarrikatzen dute, baita hiriaren ingurunea eta kirol ekipamenduak diseinatzeko eta proiektatzeko orduan “patinatzaileak kontuan izateko” defendatu ere. Elkarteko bazkide egin nahi izanez gero, donostiroller@donostiroller.com helbide elektronikora idatzi behar da.