Existitzen ez diren filmen kartelen erakusketa zabaldu du Marina Palaciok Tabakaleran
Marina Palacio zinemagile eta diziplina anitzeko artistak [Film Not Found_Try Again] erakusketa aurkeztu du gaur Tabakaleran. Existitzen ez diren filmen kartelez osatutako argazki-proiektu bat da, eta protagonistak Zinemaldiko hainbat departamentutan lan egiten duten pertsonak dira edo zinema-sektoreko kide direlako Zinemaldiarekin lotuta daude.
Urriaren 31ra arte, Tabakalerako bigarren solairuan egongo da ikusgai. Kartel horietan, artistak irudiak eta testua manipulatu ditu, protagonisten errealitatea transmititu dezaten, eta euren buruaz hitz egiten dute protagonistek, halaber, kreditu-tituluen ohiko lekua hartzen duten testu txiki batzuen bidez.
Kontserbatzaileak eta zaharberritzaileak, proiektagailu teknikariak, argazkilari bat eta txofer bat, konpositore bat eta ekoizle bat, eta Ekoizpen, Industria, Harreman Publiko eta Web & IKT Departamentuetako langileak dira inoiz existitu ez diren filmen kartel horien protagonistak (“ez-filmak”, Palaciok erabilitako terminoaren arabera), eta, beraz, milaka istorio izan ditzakete aldi berean. Gainera, irudi bakoitza Jesus Palaciok –artistaren aita eta kolaboratzaileak– online irakurtzeko idatzitako kontakizun labur batekin osatzen da.
Arte Ederretan lizentziatu zen Marina Palacio (Donostia, 1996) Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Elias Querejeta Zine Eskolan (EQZE) sorkuntzako graduondokoa egin zuen geroago. Ya no duermo (2020) bere film laburra Kimuak programaren parte izan zen eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatu zen nazioko eta nazioarteko hogeita hamar lehiaketatan baino gehiagotan parte hartu aurretik. Malagako zinema-jaialdian Fikziozko Film Labur Onenaren Biznaga eraman zuen, eta Film Labur Iberoamerikar Onenaren Saria, berriz, Shorts Mexico jaialdian, beste golardo batzuez gain. Gaur egun, bere lehen film luzea (Y asi seguiran las cosas) ari da lantzen, 2020an Noka Mentoring programan garatzen hasi zena eta hurrengo urtean Ikusmira Berriak egonaldietatik igaro zena.