Hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko eskatuko dute giza kate baten bidez
Kontxako estropaden bigarren jardunaldian, hilaren 11n, giza katea egingo dute Errausketaren Aurkako Mugimenduak, Donostia Bizirikek eta Larramendiko Arnasak.
Alderdi Ederretik abiatuko dute giza katea, 11:00etan. Gaur goizean egin dute mobilizazioaren berri emateko agerraldia, Kontxako erlojuetan. Aurten, nobedade gisa, Bergarako Larramendiko Arnasak taldeak bat egin du igandeko deialdiarekin.
“Badira bi urte Zubietako erraustegia martxan jarri zela, eta geroztik etengabe ari da arazoak sortzen. Hiru aldiz erre da transformadorea, pilatutako zaborretan sute bat izan da , bi aldiz kutsatu dute bertatik pasatzen den Arkaitzerreka, gutxienez 86 aldiz itzali eta piztu dira labeak honek suposatzen duen kutsadura gaindosiarekin. Momentu honetan bertan transformadorea hondatuta dute eta elektrizitaterik sortu gabe ari dira zaborrak erretzen. Aldi berean hilabete baino gehiago da Arkaitzerrekako kutsadura oso larria antzeman zela eta ez dago arduradunen aldetik inolako konponbiderik”, adierazi dute. Arazo horien aurrean, arduradun tekniko eta politikoek azalpenik eman ez izana salatu dute: ” Denak mutu daude: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Donostiako Udala, GHK, URA”.
Erraustegiaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta Valogreen enpresak Bergaran eraiki nahi duten hondakin industrialen erraustegiari erreparatu diote. “Zaldibarren gertatutakoaren ondoren hondakin hauei irtenbidea eman behar diete. Hondakinak murriztera eta berreskuratzera derrigortu beharrean, Jaurlaritzak alfonbra gorria jarri dio Valogreeni Euskadiko zazpi paper fabriken hondakinak erre ditzan. Jaurlaritzak garapen iraunkorreko helburuekin bat datorrela defendatzen du eta enpresari hiru milioi euro eman dizkio proiektua aurrera eramateko. Baina errealitatea beste bat da; erraustegi honek urtean 592.000 tona gas klima larrialdi areagotzen dutenak , 90.000 tona ur kutsatu, 8.000 tona hondakin arriskutsu sortuko ditu, besteak beste”, azaldu dute.
Bukatzeko, Jaurlaritzaren jarrera “antidemokratikoa” salatu dute: “Tapia legearen bidez, haientzat estrategikoa den edozein proiektu aurrera ateratzeko aukera ematen die, herritarren eta udalen iritzien eta arauen gainetik pasata. Hauxe da Bergaran gertatzen ari dena; nahiz eta herritarrek eta udalak aurka egin. Jaurlaritzak jada eman du beharrezko den Ingurumen Baimen Bateratua”.