Patti Smith musikariak zabalduko du Kursaal Eszenaren denboraldi berria
Kursaal Eszenak hamaika hitzordu prestatu ditu datozen hilabeteetarako. Irailaren 28tik 2023ko urtarrilaren 13ra, Kursaalera etorriko dira nazioarteko sona eta ibilbide luzedun artistak, musikaren historian ez ezik, oro har, artearen historian euren arrastoa utzi dutenak; esate baterako, Patti Smith eta Mitsuko Uchida, hurrenez hurren, denboraldia ireki eta itxiko duten musikako dama handiak. Baina Kursaal Eszenak aintzat hartzen du gertukoena ere, eta hitzordu azpimarragarriak dakartza, ez bakarrik kulturalki, baita gizarte balioak bultzatzeagatik ere.
Irailaren 28an Patti Smith & Bandek irekiko dute denboraldia eta Mahler Chamber Orchestrak eta Mitsuko Uchida pianistak itxiko dute, urtarrilaren 13an.
Herri musikaren alorrean, irailaren 28a mugarria izango da Kursaal Eszenan; 75 urte beteak dituela, Patti Smith polifazetikoa, askok “Punkaren amatxi” deitzen dutena, rockaren historiako pertsonaia nabarmena da eta horren erakusle izango da bere bandarekin batera emango duen kontzertua. Bi aste beranduago, urriaren 13an, Emir Kusturica & The No Smoking Orchestrak Kursaalen geldialdia egingo dute, euren agur biraren baitan; emanaldiak festa herrikoi anitzaren tankera izango du, Europako zein mundu osoko doinuen erritmora. Azaroaren 26an, Gontzal Mendibilek Hazia ikuskizuna ekarriko du Kursaaleko eszenatokira, Jose Maria Arizmendiarrieta, Mondragon kooperatiba-ereduaren bultzatzaile izandakoaren irudikatze artistikoa. Azkenik, urtarrilaren 6an, Errege Egunean, Benito Lertxundi kantautore oriotarra Kursaal Auditoriora itzuliko da eta, beti lagun dituen musikariekin batera, bere kantu ezagunenak eta abesti berriak ekarriko ditu.
Musika klasikoari dagokionez, urriaren 12an, William Christiek zuzenduko du berak 1979an sortutako Les Arts Florissants ahots zein instrumentu talde barrokoa, Haendelen oratoriorik berezienetako baten interpretazioan, L’allegro, il penseroso ed il moderato HWV 55 oda, hain zuzen ere. Ondoren, azaroaren 6an, Scapino Ballet Rotterdam balletak Casablanca eszenaratuko du Kursaalen; Ed Wubberen koreografia horrek errealitatearen eta fantasiaren arteko mundua iradokitzen du, askotariko dantza estiloak, zirkuko elementuak eta zineko klasiko horren soinu bandako zatiak erabilita.
Dantzaren ostean, kantuari eskainitako emanaldiaren txanda izango da (azaroaren 15ean). Piotr Beczala poloniar tenorra, antzinako tenor lirikoen kantu tradizioa gogora ekartzen duten kantu moldea eta estiloa dituena, lehenbiziko bisita egin eta lau urteren buruan dator Kursaalera.
Abenduaren 11n, musika barrokoa atriletan izango da berriz ere, Giovanni Antonini gidari duen Il Giardino Armonico taldeari esker. Isabelle Faust biolinista lagun dutela, Pietro Antonio Locatelli konpositorea hizpide izango dute. Eta denboraldiari amaiera emateko, 2023ko urtarrilaren 13an, Mozart protagonista izango da, egun haren lanaren interprete gailenetakoa den Mitsuko Uchida pianistak eta Mahler Chamber Orchestrak emango duten kontzertuan; izan ere, pianistak eta orkestrak urte asko daramatzate Salzburgeko maisuaren piano kontzertuen inguruan elkarlanean.
Musika Familian, Kursaal Eszenak haurrei eta familiarteko publikoari zuzendutako ildoak denboraldi honetan arreta berezia eskainiko dio, txikienen garapenerako oinarri gisa, gizarte eta ingurumenaren aldeko kontzientzia bultzatzeari. Urriaren 22an, Sutan Musikala izango da ikusgai. Azken hamar urteotan giza balioak sustatzea helburu duten arte eszenikotako proiektuak garatzen diharduen Jaso Fundazioaren ikuskizunak gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak azaleratu, eta eskubide berdintasuna aldarrikatzen du, Clara Lemlichen bizipenak oinarri hartuta. Eta azaroaren 12an, La Maquiné konpainiak aurkeztuko du Parade, el circo de los valientes; garai bateko zirkua inspirazio iturri dutela, eta Satie, Poulenc zein Stravinskyren musika baliatuta, animalienganako errespetua eta horiekin elkarbizitza aldarrikatzen dute, Babar elefantetxoaren istorioa aitzaki.
Abonuak eta sarrerak
Musika Klasikoko abonuak bost ikuskizun biltzen ditu (Les Arts Florissants, Scapino Ballet Rotterdam, Piotr Beczala, Il Giardino Armonico, Mahler Chamber Orchestra & Mitsuko Uchida) eta %20ko aurrezkia suposatzen du sarrera solteen prezioarekin alderatuz gero, bestelako abantailak eskaintzeaz gain. Abonuak Kursaal Eszenako bulegoetan erosi ahalko dira, irailaren 7tik urriaren 12ra bitartean.
Gaur abiatu da Kursaal Eszenaren denboraldi berriko kontzertuetarako sarrera solteen salmenta, Patti Smith eta Emir Kusturicaren kontzertuetarako sarrerak izan ezik, horiek joandako uztailean jarri baitziren salgai.
Kursaal Eszenako ikuskizunetarako sarrera solteak eros daitezke Kursaaleko leihatiletan eta www.kursaal.eus webgunean.