Su artifizialak jaien 35. urteurrenean
Jolastokietako jaiek 35. urteurrena ospatuko dute datorren astean. Aldaketa ugari egon dira egitarauan, eta jarduera berriak antolatu dituzte, adibidez, Nafarroako jotak eta su artifizialak. Miguel Angel Diezek 35 urte daramatza jaiak antolatzen, eta aurtengoak bere azken jaiak izango dira.
Jolastokietako jaiak datorren astean bueltatuko dira, hiru urteko etenaldia izan ondoren. Egitarauak aldaketa ugari izan ditu, baina aurreko urteko jarduera arrakastatsuenak jarraituko dute. “Ez ditugu zailtasunak eduki, baina aldaketa batzuk egon dira egitaraua egiteko moduan, bereziki, araudiei dagokionez”, adierazi du Miguel Angel Diezek, jaien sortzaileak. “Animalien jaialdiari dagokionez, adibidez, ekainean Eusko Jaurlaritzak araudi bat atera zuen, eta orain, animaliak lekualdatzeko, dagokion udalak baimen espezifiko bat eman behar dizu, kasu honetan Debako Udalak, eta ondoren aldundian aurkeztu”, gaineratu du.
Auzokideak jaiak ospatzeko gogoz daude. “Jendea ohituta zegoen jaiak ospatzera, gainera, 2019an 34. urteurrena izan zen, eta pandemia garaian 35. urteurrena ospatu behar genuen, azkenean aurten egingo duguna”, azaldu du Diezek. Jaiak antolatzeko “zazpi edo zortzi pertsona” egon direla aitortu du Diezek: “Gehiengoak emakumezkoak dira. Sei emakume inguru eta hiru gizonezko egoten gara bileretan”.
Diezek pandemia garaian bere azkeneko jaiak antolatu behar zituen, baina azkenean aurten hartuko du erretiroa. “35 urte daramatzat jaiak antolatzen eta normalean nik osatzen dut egitaraua eta nik egiten ditut proposamenak, batzorde batekin batera, baina orain beste pertsona batzuk lekukoa hartu behar dutela uste dut”, ohartarazi du. “Hemendik aurrera, laguntzeko prest egongo naiz, bereziki burokrazia lanetan, baina antolakuntzatik kanpo”, gaineratu du.
Jaietako jarduerak
Egitarauan berrikuntzak egin dituzte eta 35. urteurrena izanda, jarduera bereziak ere antolatu dituzte: “Aizkolarien kasuan, bi emakume ekarriko ditugu, Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi. Normalean gizonezkoak etortzen direnez, pentsatzen dugu desberdina dela, eta gainera, uste dugu gizartearen alor guztietan berdintasuna egon behar dela; kasu honetan, aizkolaritzan”, azaldu du.
Aizkolaritzaz gain, beste aldaketa batzuk egin dituzte: “Harri jasotzaileetan, jende berria ekarriko dugu eta sagardo desberdinak ere ekarriko ditugu”, azaldu du Diezek.
Bestetik, su artifizialak bueltatuko dira Jolastokietara. “25. urteurrenean su artifizialak izan genituen, eta, aurten, 35. jaiak ospatzeko ere momentu ona zela pentsatu dugu”, adierazi du. “Nafarroako jotak abestuko dituen talde bat ere ekarriko dugu, aspaldi ekartzen ez genuelako horrelako ekitaldi bat”, gaineratu du.
Jarduera solidarioak ere izango dira jaietan, Adela elkartearekin batera. “Haurrekin goiz solidario bat egongo da eta bertan pintura ikastaroa egingo dute. Ondoren, paella solidarioa egingo dute, elkarteak berak antolatzen duena”, nabarmendu du.
Urtero egiten dituzten jardueren artean, arrakastatsuenak haurrentzat direnak dira. “Umeei asko gustatzen zaie Apar Festa, oso ondo pasatzen dute”, adierazi du Diezek. “Animalien jaialdia ere oso gustuko dute; bertan, poney batzuen gainean igotzen dira eta paseo bat ematen dute”, gaineratu du.
Bestetik, Diezek nabarmendu du bizikletan egiten den xingola lasterketak ere arrakasta handia duela, “umeek xingola etxera eramaten” dutelako eta haientzat “oso garrantzitsua” delako.
Jolastokietako jaien egitaraua hemen irakurri dezakezue.