Erraustegiaren aurkako giza katea egin dute Kontxan
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, Donostia Bizirik plataformak eta Bergarako Larramendiko Arnasa plataformak antolatuta, hamarnaka lagun Zubietako erraustegiaren eta Eusko Jaurlaritzak eta Valogreen enpresak Bergaran eraiki nahi duten hondakin industrialen erraustegiaren aurka mobilizatu dira Kontxako hondartzan, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatzen zen bitartean. Alderdi Ederretik abiatu dira 11:00etan, eta Kontxako hondartzako itsasertzetik bertatik ibili dira, errausketaren aurkako eta osasunaren aldeko aldarriak botatzen.
“Badira bi urte Zubietako erraustegia martxan jarri zela, eta geroztik etengabe ari da arazoak sortzen. Hiru aldiz erre da transformadorea, pilatutako zaborretan sute bat izan da , bi aldiz kutsatu dute bertatik pasatzen den Arkaitzerreka, gutxienez 86 aldiz itzali eta piztu dira labeak honek suposatzen duen kutsadura gaindosiarekin. Momentu honetan bertan transformadorea hondatuta dute eta elektrizitaterik sortu gabe ari dira zaborrak erretzen. Aldi berean hilabete baino gehiago da Arkaitzerrekako kutsadura oso larria antzeman zela eta ez dago arduradunen aldetik inolako konponbiderik”, salatu zuten mobilizatzera deitu zutenean. Hain zuzen ere, Arkaitzerrekan hesi moduko bat jarri dutela salatu zuten ostegunean. Era berean, erakunde guztiak “mutu” daudela nabarmendu dute.