Independentziarako indarra aldarrikatu du Sortuk
Kontxako Bandera bukatu berritan, Sortuk deituriko manifestazioa abiatu da Bulebarretik. Independentziarako indarra lelopean, Donostiako kaleak zeharkatu dituzte ehunka lagunek. Independentziaren aldeko oihuekin batera, bestelako aldarrikapenak ere egin dituzte. Sortuk berak, ondorengoa nabarmendu du: “Eraldaketa hori gauzatzeko lidergoa ezker independentismoak hartu behar du”.
Manifestazioa hasi aurretik, adierazpenak egin du Aritz Arzallus Sorturen Gipuzkoako arduradunak. Gaurko egunez, “jaia eta aldarria” uztartu nahi izan dituztela nabarmendu du. “Baina, jai giroan egon arren, azpimarratu nahiko genuke, garai ezegonkorra ari garela bizitzen, baita Euskal Herrian ere. Eta ez da katastrofe natural bat, batzuek saldu nahi diguten moduan. Egoera honek erantzuleak ditu, izen abizenak dituztenak”, gaineratu du.
Arzallusen arabera, “herri honetan, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen sakoneko eraldaketa horretarako, lidergo berri bat behar da. Guk argi dugu lidergo hori, Euskal Herrian, eta zer esanik ez berehalakoan Gipuzkoan, ezker independentismoak hartu behar duela”. “Sakoneko eraldaketa horri, bultzada ematera dator independentziarako indarra, guztia alda dezakeen indarraz ari gara, indar feminista, indar euskalduna, sozialista, ekologista, bakegilea… kolore askotako indarra hain zuzen”.