'Irati' filmak emango dio hasiera Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari
Paul Urkijok zuzendutako Irati filmak emango dio hasiera Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Asteari, urriaren 28an. Jaialdia Antzoki Zaharrean, Victoria Eugenia Antzokian eta hiriko beste zenbait lekutan egingo dute, urriaren 28tik azaroaren 4ra.
Urkijok Errementari filmarekin ireki zuen astea 2017an, bere lehenengo filmarekin. Irati Urkijok berak idatzitako istorioa da, eta hauek dira bere protagonistak: Edurne Azkarate, Eneko Sagardoi, Itziar Ituño, Nagore Aranburu, Elena Ruiz, Iosu Eguskiza, Kepa Errasti, Iñaki Beraetxe, Iñigo Aranburu eta Ramon Agirre.
Irati Irati Zinema A. I. E.-k (Bainet, Ikusgarri Films, Kilima Media) ekoiztu du, La Fidele ekoiztetxearekin batera. Zinema aretoetan azaroaren 18an estreinatuko da, Filmax konpainiak banatuta.
Filmearen argumentua
VIII. mendea. Kristautasuna Europan zehar ari da zabaltzen sinesmen paganoak galdu ahala. Pirinioak zeharkatuz, Karlomagnoren tropak aurrera doaz. Hala, haraneko buruzagiak laguntza eskatzen dio antzinako jainkosa bati. Odol-itun baten bitartez etsaia suntsitzen du trukean bere bizitza emanda; aurretik, ordea, agintarazi egin dio bere seme Enekori bere herria babestu eta bertan bera izango dela buru aro berrian.Urte batzuk geroago, Enekok misio batekin egiten dio aurre agindu horri: bere aitaren gorpua berreskuratzea, modu pagano batean Karlomagnoren altxorraren ondoan lurperatua. Kristau fededuna izan arren, Iratiren laguntza behar izango du: inguruko neska bat, paganoa eta enigmatikoa. Bi gazteak baso arrotz eta babesgabe batean barrena sartuko dira, non “izena duen guztia existitzen den”.