Kote Cabezudoren aurkako epaiari helegitea jarri dio biktimen abokatuak
Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako salaketa jarri zuten emakume gehienen abokatu Mario Diezek helegitea jarri dio Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Cabezudori ezarritako epaiari, Diezek berak sare sozialetan jakinarazi duenez. Hain zuzen ere, hamahiru kasazio errekurtso aurkeztu ditu Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean.
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Cabezudori ekainean, baita biktimei 116.000 euroko kalte ordaina ordaintzeko zigorra ere. Bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei delitu eta iruzurreko bi delitu egiteagatik zigortu zuten, baina 217 deliturengatik absolbitu egin zuten. Hala ere, ezingo ditu kartzelan hogei urte baino gehiago pasatu, eta betetzat jo dituzte behin-behineko espetxealdian egin dituen lau urteak.