Moda eztabaidagai izango da Agora K2050 zikloko saio berrian
Moda jasangarria izango dute mintzagai Agora K2050 zikloko saio berrian. San Telmo museoan egingo dute irailaren 15ean, 19:00etan. Skunkfunkeko sortzaile Mikel Elzo eta Slow Fashion Nexteko ordezkari Gema Gomez arituko dira hitzaldian, eta moderatzailea Cristina Monge izango da. Saioa Youtubeko kanalean ere emango dute zuzenean.
Munduan 80.000 milioi jantzi fabrikatzen dira urtean, “edozein behatzaile eskandalizatzen duen baliabide-kontsumoarekin”, azaldu dute hitzaldiko parte-hartzaileek. Galtza bakeroak egiteko, adibidez, 7.500 litro ur behar dira, pertsona batek zazpi urtean kontsumitzen duen litro ur kopuruaren parekoa; eta kotoizko kamiseta bat egiteko, 2.700 litro, pertsona batek 900 egunetan edango lukeen bezalaxe.
“Ez da ura bakarrik”, gaineratu dute: “Tinduek, ehunek, ekoizpenak eta garraioak xahutze-kate bat sortzen dute, nagusi den ereduaren barruan ugaltzen dena; eredu hori, izan ere, moda industriaren zati batek arropak azkar, kantitate handitan eta prezio oso txikian sortzeko egiten duen apustua da, eta, kasu askotan, garapen bidean dauden herrialdeetako langileak dituzte, lan baldintza eskasetan. Zentzugabekeria horren aurrean, gero eta enpresa, diseinatzaile, ekoizle eta ikertzaile gehiago ari dira sortzen, gure armairuetan dagoen eredua aldatzeko eta jasangarriagoa den zerbaitera hurbiltzeko lanean”.
Mongek argi eta garbi adierazi du: “Udak klima aldaketaren errealitatea gure begien aurrean jarri du uneotan, bero boladak, suteak eta lehorte agonikoa direla medio, beharrezkoa da iraunkortasunean aurrera egiten lagun diezagukeen elementu guztiei heltzea. Moda da horietako bat, eta funtsezkoa, xahutzea dakarrelako eta herritarrek eredu aldaketan paper aktiboa izan dezaketelako”.
Era berean, Gomezen hitzetan, “berritasunak eragindako antsietateak sortzen digun gizarte batean bizi gara, eta grina horrek natura bere ziklo eta ekosistemekin babesteko sena gainditu du”. Era berean, adierazi duenez, “inoiz baino gehiago behar dugu planeta eder honetan gure egonkortasuna eta oreka bermatuko duten ekoizpen eta kontsumo sistemak elkarrekin hitz egitea eta diseinatzea”.