'Munduko Ahotsak' podcasta abiatuko du udaleko lankidetza sailak
Donostiako Udaleko Lankidetza Sailak podcast programa berria estreinatuko du Donostia Kultura irratian. Munduko Ahotsak izeneko programak mikrofonoa hurbildu nahi die “krisian dagoen sistema globalaz ohartarazten gaituzten kontakizunei”.
Programa hilaren 19an hasiko da, eta hamabost egunean behin podcast berri bat zabalduko du. Donostia Kultura irratian (FM 107.4) entzun ahalko dira saioak astelehenero 20:00etan, eta errepikapenak igandetan 16:00etan. Podcastak webguneko Irratsaioak atalean egongo dira eskuragarri. Euskaraz edo gaztelaniaz izango dira saioak, eta gizarte eraldaketa bilatzen duten kontakizun, esperientzia eta proiektuak ezagutzera emango dituzte.
Elkarrizketa hauek eragile ezberdinen lankidetzari esker egin direla adierazi du udalak. Hauetako batzuk lankidetzako atalak lagundutako Donostiako hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundeen proiektuetako pertsonak dira, munduko hainbat lekutatik datozenak Donostian beren errealitate eta aldarrikapenak ezagutarazteko. Beste batzuk Euskal Herriko hainbat elkarte eta gizarte mugimenduen borroka eta jarduna ezagutaraziko dituzte.