Parte Zaharreko apustu etxe baten aurkako ekintza egin dute
Parte Zaharreko Sarriegi plazako Reta apustu etxearen aurkako ekintza egin du auzoko gazte asanbladak, apustuek gazteei kalte handiak eragiten dizkietela salatzeko. Sare sozialetan argitaratu duten bideo batean ikus daitekeenez, Gazte ez egin apustu leloa margotu dute kanpoaldean, baita apustuen aurkako pankarta bat itsatsi eta bengalak piztu ere. Jarraian ikus dezakezue bideoa:
AUZOAN ARGI DUGU! 🤬🔥 pic.twitter.com/0d3doW2KPh
— Alde Zaharreko Gazte Asanblada (@AZgazteak) September 10, 2022
Ez da gazte asanbladak halako ekintzak egiten dituen lehenengo aldia, apustuen aurkako dinamika abiatu baitzuten martxoan, mezu argi batekin: “Haien negozioa gure miseria, ez dezatela zurekin jolastu! Gazte, ez egin apustu!”. Sarriegi plazako Reta apustu etxearen aurkako beste ekintza bat ere egin zuten orduan, eta hainbat tabernatan eskatu zuten apustu makinak kentzeko, besteak beste.
Kirol apustuak Donostian
Haritik Hirira geografo taldeak Donostian kirol apustuak egiteko makinak dituzten lokalen ikerketa egin zuen 2021ean, auzoz auzoko datuekin. Ordea, Parte Zaharreko datuak ez zeuden bere horretan, Erdialdekoen barruan baitzeuden. Hain zuzen ere, Erdialde osoan kirol apustuak egiteko makinak zituzten hamabost lokal zeuden orduan. Era berean, ikerketa horren ondorio nagusia adierazgarria zen: kirol apustu makina gehienak errenta baxuena eta langabezia altuena zuten auzoetan zeuden.
Horren harira, IRUTXULOKO HITZAk apustu etxeen inguruko erreportaje mamitsua ondu zuen 2021eko apirilean, baita kirol apustuekiko mendekotasuna zuen pertsona batekin hitz egin ere.