Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko Perlak saileko hamabost film lehiatuko dira
Zinemaldiak eta Udalak Zinemaldirako 1.000 txartel banatuko dituzte premia ekonomiko handienak dituzten kolektiboen artean.
Zazpigarren urtez jarraian, Donostia Hiria Publikoaren Saria babestuko du udalak. Perlak saileko hamazazpi film luzeetatik, hamabost dira garaikurra eskuratzeko lehian izango direnak. Udalak donostiarrei egindako omenaldi gisakoa da saria, “haiek direlako bozketa bidez saria ematen dutenak”. Garaikurra Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan sortu zen, eta, ondorioz, Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuaren legatu moduan iraun du.
Armani Beautyk babestutako Perlak saileko obrek nazioarteko beste zinema jaialdi batzuetan kritikaren txaloak edo sariak jaso dituzte. Viktoria Eugenia antzokian proiektatuko dituzte filmak, eta horien lehen emanaldira joaten diren ikusleek aukeratuko dute irabazlea. Saria Zinemaldiaren bukaerako galan emango dute. Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi garaikur hartzen ditu bere baitan: batetik, film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua; eta bestetik, Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Sariaren bitartez, betiko hiriarekin lotuta geratuko dira bi filmak.
“Beti esan dugu Donostia Zinemaldia dela munduko zinema erakustaldi jendetsuenetarikoa, herrikoiena. Horri esker harrotasun eta poztasunez ospatzen dugu aurtengo urteurrena. Urte askorako Zinemaldia izango dugu orain arte bezala publikoaren babesa mantentzen duen bitartean”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Iaz, Celine Sciammaren Petite Maman lanak eskuratu zuen film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria –Zinemaldian aurkeztu baino lehen, Berlingo zinema jaialdian lehiatu zen–, eta Emmanuel Carrerek irabazi zuen, berriz, Europako film onenaren saria, zehazki, Ouistreham / Between Two Worlds filmarekin–Cannesko Quinzaine des Realisateurs atala ireki zuen lanari hasiera eman zion obra–.
Doako sarrerak langabeentzat
Zinemaldiak eta Udalak Zinemaldirako 1.000 txartel banatuko dituzte premia ekonomiko handienak dituzten kolektiboen artean, Kursaalen eta Belodromoan filmak ikusteko aukera izan dezaten. Donostian erroldatutako 18 urte gorako langabeek eskatu ahalko dituzte tiketak. Alde batetik, sarrera txartelen eskaera hilaren 14ko 09:00etatik hilaren 26ko 14:00ak arte egin ahalko da Arroka plazako UdalInforen bulegoan, bai eta 010 telefonora deituz eta udalaren webgunearen bidez ere. Bestetik, UdalInforen aipatutako bulegoan 09:00etatik 14:00etara jaso ahalko dira identifikazio dokumentua, langabe agiria eta inprimatutako sarbide eskaera erakutsiz, betiere.
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eskerrak eman ditu udalak Zinemaldi inklusiboago baten bidean aurrera jarraitzeko emandako laguntzagatik: “Harrotasunez esan ohi dugu Donostia Zinemaldiaren bereizgarri nabarmena publikoa dela, baina hainbat arrazoi direla eta, gizarteko sektore batzuek ezin dute sarrera bat erosi. Egitasmo honekin eta baita beste batzuekin ere arrakala hori apur bat txikiagoa izaten saiatzen gara”.