Glenn Close ez da Donostiako Zinemaldian izango
Familiako arazo bat dela medio, Glenn Close aktoreak ezin izango du Donostiara etorri. Hilaren 16tik 24ra bitarte egingo den 70. Donostiako Zinemaldiaren epaimahaiburua izan behar zuen. Haren ordez Matias Mosteirin ekoizle argentinarra ariko dela iragarri du jaialdiak.
Closek bere atsekabea adierazi dio Zinemaldiari, konpromiso handiko eginbehar bat bete ezingo duelako. Joan den astean, bideo bat argitaratu zuen bere sare sozialetan, Zinemaldiko Epaimahai Ofizialeko buru izateko irrikan zegoela adierazteko, “inoiz izan ez duen abentura berri bat izaki”. “Asko gustatzen zait Donostia, hango jendea zoragarria baita, film zoragarri batzuk ikusteko gogo handia dut eta oso hunkituta nago nire epaimahaikideak ezagutuko ditudalako”, adierazi zuen.
Aurten ez da posible izango, Zinemaldiarekin eta hango ikus-entzuleekin partekatu nahi duen komunikatuan adierazi duen bezala: “Sentitzen dut Zinemaldian ezingo dudalako parte hartu, larrialdi familiar bat gertatu eta etxean geratu behar bainaiz. Barkamena eskatzen diet Zinemaldiari, Epaimahaiari, zinemagileei, Donostiako omenduei eta jaialdiko ikus-entzuleei, zuekin batera ospatzeko ezingo dudalako han egon”.
Horiek horrela, ondorengoak dira: Epaimahai Ofizialeko kideak: Antoinette Boulat casting zuzendari eta gidoigilea (Frantzia), Tea Lindeburg zuzendari eta gidoigilea (Danimarka), Rosa Montero idazle eta kazetaria (Espainia), Lemohang Jeremiah Mosese zinemagile eta artista bisuala (Lesotho), Hlynur Palmason zuzendari eta gidoigilea (Islandia) eta Matias Mosteirin ekoizlea (Argentina), epaimahaiburu gisa ariko dena.