Ostegunean epaituko dute 2020ko abenduko istiluen harira lau urteko espetxe zigor eskaera duen gaztea
2020ko abenduan hainbat istilu gertatu ziren Donostiako Parte Zaharrean, eta horietan Ertzaintzak atxilotutako gazteetako bat epaituko dute ostegunean (hilak 15); lau urteko espetxe zigorra eskatzen dute berarentzat, desordena publikoak eta autoritatearen aurkako erasoa egotzita. Parte Zaharra Aske plataformak urtarrilean eman zuen zigor eskaeraren berri, eta orain jakinarazi du gaztea ostegunean pasatuko dela epaitegitik.
Era berean, plataformak salatu du epaileek ez dutela sareetan zabaldutako bideo bat froga gisa onartu, “nahiz eta bideoan argi ikusi gazteak ez zuela ezer egin”. Hain zuzen ere, aipatu bideoan ikusten da atxilotzen duten gaztea ez zela istiluetan parte hartzen ari. Beheko txioan ikus dezakezue bideoa:
Polizia muntaia batean oinarrituta oñatiar bati lau urteko espetxe zigorra eskatu diotela salatu dute.@pz_aske-ren bideo honetan ikus daiteke gaztea ez zela istiluetan parte hartzen ari atxilotu zutenean, Boulevardetik hauei begira zegoela.https://t.co/6txSdCOujC pic.twitter.com/9yeXqwgmkQ
— ARGIA (@argia) January 3, 2022
Horrez gain, plataformak salatu du beste bi gazte urriaren 2an deklaratzera deitu dituztela, 2021eko San Sebastian Egunean auzoan izandako istiluen harira. Horren guztiaren aurrean, plataformak gazteen “absoluzioa” eskatu du.
Istilu ugari izan ziren
2020aren amaieraren eta 2021aren hasieraren artean, hainbat aldiz gertatu ziren istiluak Parte Zaharrean, eta Parte Zaharra Aske plataformaren arabera, “gutxienez hamasei gazte atxilotu” zituen Ertzaintzak. Horrez gain, gazte ugari identifikatu zituzten eta hainbat zauritu izan ziren; hain zuzen ere, nabarmentzekoa da Nahuel Gomez Rodriguezen kasua, istiluak gertatzen ari ziren egunetako batean, lanetik etxera zihoala, ertzainek matrailezurra hautsi baitzioten, pilotakadaz. IRUTXULOKO HITZAk Parte Zaharrean gertatzen ari zena aztertu zuen orduan, erreportaje zabal batean.