Zazpi urteko espetxe zigorra eskatu dute gizon batentzat, emakume bati sexu abusuak egitea leporatuta
Gipuzkoako Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du gizon batentzat, Donostiako etxebizitza batean ia konorterik gabe zegoen emakume bati sexu abusuak egitea leporatuta. Efe albistea agentziak plazaratutako informazioaren arabera, emakumeak alkohola edan zuen eta lo gelditu zen, “ia konorterik gabe”, eta gizonak hori aprobetxatu zuen emakumea erasotzeko.
2018ko urriaren 27an gertatu zen erasoa, Donostiako etxebizitza batean, eta pertsona gehiago zeuden etxebizitza hartan. Gaur, hilak 13, egingo dute epaiketa, Gipuzkoako Auzitegian. Fiskaltzak sexu abusu delitutzat jo du erasoa, haragizko sarbidearekin larriagotutakoa. Horrela, zazpi urteko kartzela zigorraz gain, Fiskaltzak eskatu du gizonari debekatzea emakumearengana hurbiltzea lau urtez, eta 4.000 euroko kalte ordaina ordaintzera behartzea.