Dbizi zerbitzua Herrerara iritsi da
Dbizi sistemaren geltoki bat jarri dute Herreran, topo geltokiaren albo batean. Hemeretzi aparkaleku dituen geltoki misto bat da, eta Jose Elosegi etorbideko 297. zenbakian kokatuta dago. Bizikleta mekaniko eta elektrikoak biltzen ditu.
Ekialdeko Barrutiak egin zuen alokairu bidezko zerbitzua bertan jartzeko eskaera, eta udal gobernuak Elkarrekin Donostiarekin egindako akordioari esker lortu dute bizilagunek Dbizi zerbitzua auzoan izatea.
Udalak jakinarazi duenez, datozen urteetan, zerbitzuak hiriko beste toki batzuetara zabaltzen jarraituko du, eta bizikleta elektrikoen kopurua ere handitu egingo da, gaur egun erabiltzaileek gehien eskatzen dituztenak baitira.
Helburua etorkizunean Dbiziko 70 geltoki lortzea da, eta bizikleta ohiko garraiobide publiko bihurtzea, trena edo autobusarekin batera.