Kote Cabezudoren defentsak helegitea jarri dio epaiari, eta argazkilariaren absoluzioa eskatuko du
Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiari helegitea jarri dio haren defentsak, eta absoluzioa eskatuko du, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera. Cabezudori 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion ekainean Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, baita haren biktimei 116.000 euroko kalte ordaina ordaintzeko zigorra ere. Bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei delitu eta iruzurreko bi delitu egiteagatik zigortu zuten, baina 217 deliturengatik absolbitu egin zuten.
Eneko Olano eta Javier Sanchez dira Cabezudoren defentsako abokatuak, eta Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztu dute helegitea, berriki biktima gehienen abokatu Mario Diezek egin duen moduan. Gipuzkoako Fiskaltza ere helegitea aurkeztearen alde agertu zen hasiera batean, baina, azkenean, Gorenekoak helegiterik ez aurkeztea erabaki du, “kasazio teknika” arrazoiengatik. Hain zuzen ere, Fiskaltzak 250 urtetik gorako zigorra eskatu zuen Cabezudorentzat, eta akusazio partikularrak, Diez buru, 2.627 urtekoa.