Ancoraren arabera, La Esperanza dendako fatxadaren "suntsipena" sinatu du udalak
Donostiako Udalak La Esperanza dendaren fatxada historikoaren “suntsipena” sinatu duela salatu du Ancora elkarteak: “Gure eskaera jaso eta bi egun eskasera Nekane Arzallusek marmolak kentzea agintzen zuen lizentzia bat eman zuen, udal arkitektoaren txostenean oinarrituta, zeinak elementu degradatzailetzat hartzen baititu”.
Establezimendua birmoldatzen ari dira Calzedonia taldeko Falconeri arropa katearentzat, eta Ancorak orain dela aste batzuk fatxada babesteko eskatu zion udalari. Azken erabakiaren ondorioz, “inolako ondare baliorik ez duen birsorkuntza batengatik” aldatuko dutela adierazi du elkarteak.
Hori dela eta, udalari erabakia “zuzentzea” eta “Donostiako eraikinak babestea” eskatu diote: “EHOBPB-aren 21. artikuluak katalogatu gabeko merkataritza fronteak indultatzeko aukera ematen du, beren garaiko jarduketa integral baten ondorio direnean, edo memoria kolektiboan esanahi bat aitortzen zaienean. In extremis salbatutako beste lokal batzuen aurrekaria dago, hala nola, Muebles Eceiza, Boulevard 15 eta Relojeria Olazabal..Dagoena babestearen abantailak bistakoak dira kulturari eta ekonomiari dagokienez, negozioaren titularrari obra garestiak saihesten dizkiolako”.