Polloeko mausoleo frankistaren esanahia aldatuko dute
Asteartean (hilak 13), armada frankistak Donostia hartu zuenetik 86 urte bete zirenean, Donostiako Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Aranzadi Zientzia Elkarteko hainbat ordezkarik agerraldia egin zuten Polloe hilerriko mausoleo frankistan, Martirien Mausoleoan, gunean egitekoak diren esku hartzeen berri emateko. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Ane Oiarbide Udaleko Berdintasun, Elkartasun eta Eskubide Zibiletako zinegotzia; Eneko Goia Donostiako alkatea, Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoa eta biktimen senide batzuk izan ziren agerraldian.
Horrela, mausoleoaren esanahia aldatzekoak direla nabarmendu dute. Alde batetik, berriki jakinarazi dute mausoleoan gutxienez hamazazpi miliziano antifaxista daudela lurperatuta, eta, hain zuzen ere, euren izenak izango dituen plaka bat jarriko dute. Beste plaka bat zegoen lehen mausoleoan, han lurperatutako frankisten omenezkoa, baina kendu egin zuten duela hilabete batzuk. Bestalde, udalak eskultura bat jarriko du, biktimen omenez. Aipatzekoa da, halaber, identifikatu gabeko beste 80 gorpu daudela mausoleoan.
Helburua, Beatriz Artolazabal sailburuak azaldu duenez, lekuaren esanahia aldatzea da, han ehortzita dauden borrokalari errepublikanoen memoria berreskuratzeko eta duintzeko: “Haien oroimena espazioa eraldatuz ohoratuko dugu, beraien duintasuna berreskuratzeko eta oroimenak iraun dezan. Gogora Institutuak plaka bat jarriko du hemen lurperatu zituzten hamazazpi errepublikanoen izenekin, eta duela 86 urte izan ez zuten omenaldia eta agurra egingo diegu”.
Bestalde, eskulturari dagokionez, Goiak nabarmendu du “Donostiak memoria espazioak berreskuratu” nahi dituela, eta, “ildo horretan, zentzu osoa hartzen du Polloeko mausoleoa esanahiz berritzeko egitasmoak”.