Dantz jaialdiak 8.000 pertsona baino gehiago bildu ditu

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, inoiz baino jende gehiago joan da aurten Dantz jaialdira. Aurten, inoiz etorri ez diren mundu mailako artistak ekartzea lortu dute, hala nola, Nina Kraviz DJ errusiarra edo Red Axes Israeldar bikotea.
Jaialdia Donostiako Kursaaleko Urumea terrazan hasi zen, irailaren 8an, ostegunean, Dantz Point batekin. 1.000 pertsona baino gehiago bildu ziren, Miravalles, Orphidal eta Loreak DJen eskutik.
Jaialdiaren bigarren eguna “ez zen gutxiagorako izan”, adierazi dute. Goizetik, bi masterclass izan ziren Lagant eta Costas DJ eta ekoizleen eskutik. TABA tabernan “herri bazkaria” egin ondoren, DJ saioak Nestor Basterretxea plazan hasi ziren, Lagantekin. Ordu horretan, Ukrainako Matvoice artista, Madrilgo Kimnho eta Akazie galegoak beren dohainak erakutsi ahal izan zituzten, Nestor Basterretxea plazako saioak bukatzeko.
Nestor Basterretxea plazan orduak pasatzen ari zirela, Nabar eta Enrique Del Castillo abyme artistek bi live eskaini zituzten Kutxa Kultur Kluban.
FJAAK bikote alemaniarraren emanaldia bertan behera geratu ondoren, Dantzek alemaniarren saioaren ordez Donostia Costas DJ eta ekoizlea jarri zuen, Tabakalerako Patio aretoan ordubeteko Live bat eskainiz. Honen ondoren, Donostiarra the two mamarrachos bikotearen saioak Patio aretoa itxi zuen, ondoren lekukoa Modulor, Neska eta Dans artistei emateko Tabakalerako TABA tabernan.
Hilaren 10ean, larunbata izan zen jaialdiaren egun nagusia, zale denak zain zeudena. 12:00etan Bihotzak Heartz family X bihotza saioa eskaini zuen. Seigarren edizioko saio nagusiak Miramongo anfiteatroan izan ziren, 17:00etatik 00:00etara. 2400 pertsona baino gehiago bertaratu ziren, estatuko eta nazioarteko DJak ikustera, baina, batez ere, Nina Kraviz errusiarra, ikusmin handiena sortu zuena eta huts egin ez zuena.
Saioak El_Txef_A eta Balza euskaldunen eskutik hasi ziren eta Back to Back bat eskaini zuten bertaratutakoei motorrak berotzeko. Hiru ordu geroago, 20:00etan, Red Axes bikote israeldarrak Nina Kraviz nazioartean ezaguna zenari bide eman zioten, eta honek, bi orduko saio bat eskaini zuen, Miramongo Anfiteatrora bertaratutako ikusle guztiak dantzan jarri zituen saio batekin amaitzeko.
Hiru egunez, 8.000 pertsona baino gehiago bildu zituen jaialdiarekin amaitzeko, Arizonako Billyk (Zarautz), Chloe Robinsonek (Londres), Factak (Londres) eta Jailed Jamie aka Skygazek (Asturias), Dantz Festival jaialdia itxi zuten Tabakalerako Patio aretoan.