Kontxako estropadetan oinarritutako horma irudia egin dute Euskal Itsas Museoaren kanpoaldean

Euskal Itsas Museoak eta Aquariumek elkarlanean bultzatzen duten #KONTXA1922 proiektuaren barruan, Formato Norte elkarte donostiarreko kide diren artistek 2022ko Kontxako Banderaren estropadetan oinarritutako obra bat sortu dute, Elkano Estropadaren mendeurreneko itsas ondarea eta memoria historikoa balioan jartzeko.
Pieza hau Euskal Itsas Museoko kanpoaldeko horman egin zuten irailaren 5etik 10era bitartean. “Artelan honek denboran iraungo du eta Donostiako portuaren historiaren parte izango da”, azaldu du Euskal Itsas Museoak.
Donostiako artistek elkarlanean egindako obra bat izan da, non Iñigo Sesma artistaren hizkuntza figuratiboa, Gabriel Coca eta Mikel Remaken ikuspuntu abstraktu eta piktorikoarekin elkartzen diren. Emaitza horma irudi koloretsua izan da, eta museoaren fatxadan ikusi ahal izango da. Artelana egiteko, 1922ko Kontxako Banderan inspiratu dira artistak, garai hartako prentsan eta irudi zaharretan oinarrituta. Konposizioa sortzeko, trainerua, bandera bera edo arraunaren munduko elementuez baliatu dira.
Formato Norte estudioa hamar urte inguru elkarrekin lanean daramaten zazpi artista independentek osatzen dute, eta bi urte inguru Donostiako Egia auzoan sormen estudioa partekatzen dute.