Durrutiren arrastoa Donostian
Buenaventura Durruti anarkista ospetsuak leku askotan garatu zuen bere jardun politikoa, tartean Donostian. Hain zuzen ere, hirian gertatutako lapurreta batekin lotu zuten XX. mendearen hasieran, eta Ondarretako espetxean sartu zuten.

Espainiako militante eta borrokalari anarkista ezagunenetako bat da Buenaventura Durruti (Leon, Espainia, 1896 – Madril, Espainia, 1936), bereziki, 36ko gerran egindakoarengatik: altxamenduaren aurka borrokatu zen Bartzelonan (Herrialde Katalanak), Zaragoza (Aragoi, Espainia) askatzera joan zen bere abizena zeraman zutabearekin, eta Madril (Espainia) defendatzen aritu zen 1936ko azaroan, hil zuten arte.
Horren guztiaren aurretik, ordea, Los Solidarios talde armatu anarkistaren parte izan zen, eta talde horrek hainbat lapurreta esanguratsu egin zituen 1922tik 36ko gerrara arte: besteak beste, Espainiako Bankua lapurtu zuten Gijonen (Asturias, Espainia), eta Txileko historiako lehenengo banku lapurreta egin zuten.
Donostian eta Zaragozan jardun ohi zuen Los Justicieros taldearen ondorengoa izan zen Los Solidarios —Alfonso XIII.a hiltzeko zorian izan ziren Los Justicieros taldekoak 1920an, Donostiara Kursaala inauguratzera iritsi zenean—. Hain zuzen ere, 1922ko abuztuaren 3an Arte Ederrak eraikineko bulegoetan gertatutako lapurreta batekin lotu zuten Los Solidarios. Ion Urrestarazu Parada historia dibulgatzaileak istorioa berreskuratu du berriki Donostiando blogean. Kontatu duenez, Ramon Mendizabal kontratista bulegoan zenean, lan bila zebiltzan herritar gisa identifikatu ziren hiru lagun sartu ziren, eta Mendizabal pistolekin apuntatuz, lapurreta gauzatu zuten. Mendizabalen urrezko erlojua eta 1.000 eta 9.000 pezeta artean lapurtu zituzten, eta alde egin zuten.
Durruti atxilotu zuten
Anarkistak Parisera (Frantzia) erbesteratu ziren, garaiko Poliziak ondorioztatu zuenez. Durruti zegoen Parisen erbesteratutakoen artean, baina Bruselara (Belgika) joan zen ondoren. Alfonso XIII.a Espainiako erregeak han egonaldi bat egin zuenean, aldiz, Durruti herrialdetik kanporatu zuten, baita Madrilera bidali ere.
Han, identifikatu egin zuten eta Donostiara bidali zuten, Arte Ederrak eraikineko lapurretarekin lotu zutelako. Donostiara heltzean, Ondarretako espetxean sartu zuten, agintariek argi zutelako lapurretan parte hartu zuela. Ordea, ezin izan zuten guztiz frogatu, eta handik gutxira askatu zuten. Bartzelonara joan zen, eta orduan hasi zen bere ibilbide militantearen zatirik ezagunena.