"Ilusio handia genuen 90. urteurrenerako"
Kale Nagusiko 7. zenbakiko Irulea dendak 90 urte bete zituen uztailaren 26an. Ayago Villar da gaur egungo jabea, bere familiatik dendan lan egin duen hirugarren belaunaldikoa, eta urtemuga gogotsu prestatu zutela adierazi du. Askotariko jarduerak egin zituzten uztailean zehar, eta, garrantzitsuenetariko bat dendako erakusleihoak atontzea izan zen, urte hauetan guztietan dendan izan diren mugarrietako batzuei omenaldia eginez.

Nork zabaldu zuen Irulea denda?
Nire amonak, Manuela Barandiaranek. Gero, nire amak, Maria Luisa Pagolak, jarraitu zuen negozioarekin, eta ni hirugarren belaunaldia naiz.
Nola hasi zinen hemen lanean?
Nire ama hemen hasi zen lanean ikasketak amaitu zituenean. Bera gazteena zen zortzi anai-arreben artean, eta hasi zenean, bere ahizpa zaharrak, Irulean lan egiten zutenak, lana uzten joan ziren. Beraz, nire ama geratu zen negozioarekin. Ondoren, ordea, nire aita hil egin zen, eta ama alargun gelditu zen 45 urterekin eta bederatzi seme-alabekin. Une horretan ama gehiago murgildu zen negozioan eta nire ahizpa zaharrenak ere hasi ziren Irulean lanean. Adinean aurrera gindoazen heinean, denok amaitu genuen hemen lanean. Gero, berdina gertatu zen. Ni gazteena naiz bederatzi senideren artean, eta nire ahizpak ezkondu eta haurrak izan zituztenean, negozioa uzten joan ziren. Beraz, ni geratu nintzen hemen.
Denda beti egon al da leku berean?
Bai, betiko lokal berbera da, eta altzari guztiak ere beti egon izan dira hemen, 1932tik.
Haurren arropaz gain, zer gehiago saltzen duzue Irulean?
Dendan askotariko gauzak ditugu. Oso ezaguna da jaioberrien arroparengatik, eta 6 urte arteko haurrentzat ere baditugu jantziak. Lehenengo jaunartzeko arropekin ere egiten dugu lan, baina orain indar handia hartu duena etxeko materiala da: izarak, toallak, mahai zapiak eta ohe estalkiak, besteak beste, asko saltzen ditugu. Emakumeentzako lentzeria ere bai: mantalak, pijamak eta ohe-atorrak. Horrez gain, gure oihal guztiak metroka saltzen ditugu.
Nondik ekartzen duzue materiala?
Jantzigintza propioa asko lantzen dugu, baina etxe askotako produktuak ere baditugu. Beraz, marka ugaritako gauzak saltzen ditugu, bai nazionalak eta baita internazionalak ere.
Eta jantzigintza propioari dagokionez, zer lantzen duzue?
Izarak eta, orokorrean, oherako produktuak hemen egiten ditugu. Gainera, norberaren neurrira diseinatzen ditugu, pertsonalizatuta. Hori da denda honen indarguneetako bat. Izenen inizialak josten dizkiegu, edo parpailak jarri, bezero bakoitzak nahi duen moduan.
Zein da zuen bezero profil nagusia?
Behar duena multinazional handietan aurkitzen ez duen jendea; zerbait bereziagoa nahi duena, alegia. Batez ere, arreta modu pertsonalizatuan jaso nahi duten bezeroak ditugu. Internetekin asko galdu da hori, izan ere, zerbitzua oso ondo dago, baina inork ez dizu jaramonik egiten. Interneten zerbait aurkitzen baduzu, ondo, baina ez baduzu aurkitzen edo pertsonalizatu egin nahi baduzu, ez da hain erraza. Beraz, gure indargunea aurrez aurreko arreta da: ezkonduko den emakume bati, adibidez, arreo guztia eskaintzen diogu, eta ospakizunean, adibidez, haur guztiak berdin jantzita joatea nahi badu, haur horientzako arropa dendan bertan eros dezake.
Interneten ere eskuragarri zaudete?
Bai, online denda ere badugu.
Parte Zaharrean duzue denda. Turismoak zer eragin du zuengan?
Pandemiarekin asko ahuldu da turismoa. Parte Zaharra oso turistikoa da, eta pandemiaren aurretik beti ibiltzen zen hemen kanpoko jendea. Gaur egun, goi mailako turismo internazionala asko jaitsi da, zoritxarrez. Turismo asko dago, baina ez ohituta gauden turismo hori.
Nola ospatu zenuten 90. urteurrena?
Ilusio handia genuen urteurren horretarako, eta denbora asko eman dugu lanean, ospakizuna prestatzeko. Uztaila urtemugari eskaini genion, eta dendako bost erakusleihoak atondu genituen. Erakusleiho bakoitzean gai bana jorratu genuen. Esaterako, batean familiako kide guztien antzinako argazkiak jarri genituen, eta horietako batzuk dendan jarrita ditugu oraindik. Beste bat Bruce Springsteeni eskaini genion, eta bisitatu gintueneko argazki erraldoi bat jarri genuen. Eta, beste bat Carlota printzesari, noski. Izan ere, Cambridgeko dukeek Irulean erosi zioten arropa behin, eta horrek sona handia izan zuen komunikabideetan.
Horrez gain, hainbat ospakizun egin genituen. Horietako bat dendan bertan. Koktelak jarri genituen eta komunikabideak, alkatea eta zinegotziak etorri ziren festara. Gainera, eraikina ere apaindu genuen: lorategi bertikalak ipini genituen, eta 90 zenbakia jarri genuen urrutitik ikusteko moduko tamainarekin. Bestalde, Easo saskibaloi taldea babesten dugunez, taldea dendara etorri zen eta argazkiak eta askaria egin genituen elkarrekin. Amaitzeko, uztailaren 26an, urteurrenaren egunean, familiako kideekin egin genuen ospakizuna, eta gertuko lagunak ere gonbidatu genituen.
Ospakizunek dendara bezero gehiago erakartzea lortu al dute?
Jendea oso eskertuta zegoen. Izan ere, dendan erabiltzen dugun lurrina, pakete guztiei botatzen dieguna, oparitu egin genien gure bezeroei uztailean zehar. Jendeak ikaragarri eskertu zuen oparitxo hori.