Robot batek dantzan jarri du Belodromoa, eskolako haurrentzako saioen inaugurazioan
Gaur goizean, 6 eta 11 urte bitarteko 2.200 ikasle inguru izan dira Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren lehen saioan. Bertan, Pepper robot soziala izan da protagonista, eta ikus-entzule guztiak dantzan ere ipini ditu, Terra Willy: planeta ezezaguna filma proiektatu baino lehen.
Donostia, zinema hiria, zientzia hiria leloarekin, Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dute ekimen hau 2019tik, eta haren helburua da, batetik, zientziari buruzko irudi erakargarria transmititzea, eta, bestetik, Donostiak ikerketa zientifikoarekin duen lotura sendoa bistaratzea.
Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, ekimen hau “handikiro” itzuli da ikastetxeetatik Belodromora, eta bere benetako jai-espiritua berreskuratzen duen proposamen bat ekarri du. Aurtengo edizioan, Euskal Herriko Unibertsitateko Robotika eta Sistema Autonomoak (RSAIT) ikerketa-taldearen lankidetza eta inplikazioa izan dira. Elena Lazkano da talde horren burua, eta Igor Rodriguez eta Unai Zabala informatikariak eta ikertzaileak ere izan dira. Hala, Belodromoan elkartutako ikus-entzuleei bertatik bertara azaldu diete zer ikerketa ari diren egiten Donostian robotika sozialaren alorrean.
Ikerketa-taldeak Pepper robot sozialarekin lan egiten du eta agertokira agertu denean, “harri eta zur” utzi ditu Belodromora joan diren haurrak. “Hala, aurrez aurre egiaztatu dituzte Pepperren trebetasun guztiak, eta ikusi dute gizaki bat bezalaxe mintzatzen eta mugitzen dela, eta badakiela pil-pilean dauden abestiekin dantza egiten ere. Pepperrek autografo bat ere oparitu die Belodromoko ikus-entzuleei agur esatean, zinema-izar peto-petoa balitz bezala”, azaldu dute.