Sorlothek garaipena eman dio Realari
Realak Europa Ligako bigarren neurketa jokatu zuen bart arratsaldean Zipreko Omonia taldearen aurka, eta azkeneko minutuetan garaipena lortu zuen Sorlothen gol baten bitartez (2-1). Alguacilek aldaketa anitz egin zituen hamaikakoan eta Gorosabel, Aihen, Zubimendi, Silva, Kubo edo Sorloth bezalako jokalariak aulkian utzi zituen. Haien ordez, denboraldi hasieran minutu gutxiago izan dituzten jokalari batzuk jokatu zuten, horien artean, Illarra, Guevara eta Karrikaburu gaztea.
Lehenengo zatian Realak bere nagusitasuna erakutsi zuen, eta nahiko eroso azaldu zen zelaian, baloiaren jabetza irabaziz. Gainera, Omoniak ez zuen aukerarik izan eta Remirok lehen zati lasaia izan zuen. Realaren aukerei dagokionez, ez zituen jaurtiketa gehiegi egin, Omoniak ondo defendatu zituelako Realaren erasoak. Aukera garbienak buruzko erremateak izan ziren, bereziki Aritz Elustondok izan zituenak, baina ez ziren Fabianok defendatzen zuen atera iritsi. Azkenean, 30. minutuan, Guevarak area kanpotik baloia jaurti zuen eta eskuadratik gola sartu zuen, Reala markagailuan aurreratuz.
Bigarren zatia lehenengoaren antzekoa izan zen. Realak baloiaren jabetza izan zuen eta aukera gutxi izan zituen arren, garbienak txuri-urdinentzat izan ziren. Alguacilek Sorloth eta Kubo atera zituen, talderari freskotasuna emateko, eta bien artean pare bat jokaldi arriskutsu egin zituzten. Realak neurketa kontrolatuta zuen, baina Aritzen eta Remiroren arteko koordinazio falta batengatik, Bruno brasildarrak berdinketaren gola egin zuen, 72. minutuan. Minutu gutxi falta ziren epaileak amaiera adierazteko, eta Reala garaipenaren bila joan zen. Take Kubok gidatutako eraso batean, Sorlothi baloia pasa eta norbegiarrak garaipenaren gola sartu zuen. Bigarren goletik aurrera, azken minutuak lasaiak izan ziren eta, azkenean, Realak garaipena lortu zuen eta E taldeko liderra da 6 punturekin.