Urumea garbi eta bizi, ibaia nahi dugu
Ibaia bere arro osoa da, eta ibilguan zein ertzetan gertatzen denetik haragoko eragina du. XXI. mendean sartuta, oraindik etengabeak dira erasoak. Gure apustua naturaren aldekoa da, biodibertsitatearen aldekoa, benetako ibai natural baten aldekoa. Urumea bizi!
Duela 30 urte, Haritzalde Naturzaleen Elkartea sortzeko elkartu ginenean, Urumea izan zen bildu gintuena, besteak beste. 22. industrialdea, lehen Apéndice de Amara, egun Loiolako Erribera auzoa, urbanizatzera zihoazen, eta ibaia ubideratzearekin batera, Donostiako azken padurak desagertzeko puntuan zeuden. Protesta egin genuen kanalizazio bortitz horren aurka, egitekoa zen dragatua eta lohi kutsatuen isurketaren kontra, eta bizitzaz beteriko padura eta hezeguneen alde. Haritzalderen haziak erein genituen. Ordea, gure aldarrikapenak alferrikakoak izan ziren. Gero jendeak esango zuen, «zein ederra ibaia paseotik», Kristinaeneako alderdi basatiari so eginez. Urumeatik, ordea, uretatik, antolatu genituen irteeretan, hormatzarrari begiratzen ziotenek esaten ziguten: «Nola liteke! Hori pareta itsusia!». Alde batean, bizitzaz beteriko berdea; bestean, porlan grisa eta antzua.
Errioarekiko gure lotura, aurreratu dugun legez, ez dugu urte hauetan guztietan eten. Horrela, 2012an, 20. urteurrena ospatu genuenean, ibaiaren aldeko kanpaina zabalari ekin genion: lehorretik oinez, eta uretatik traineruan eta piraguetan bisitaldi gidatuak antolatuz, Urumeako biztanleen inguruko ikus-entzunezkoen bidezko erakusketak auzoetara eramanez, ibai ondoan haurrei zuzendutako jarduerak eskainiz eta festak ospatuz, hitzaldiak emanez eta abar.
Urumea bizi
Ibaia bere arro osoa dela askotan errepikatu dugu. Inguruko mendietan eta bailaretan gertatzen denak eragin zuzena du ur ibilguan, emarian eta uraren kalitatean. Baso politika salatu dugu, behin eta berriz, soilketen bidez ustiaketa intentsiboan oinarrituta dagoelako, malda handiak pistaz betez, luiziak eta hain preziatua behar lukeen lurzoruaren galera eraginez. Eredu industrial horrek berehalako etekina bilatzen du txanda motzeko kanpoko zuhaitz espezieak hautatuz, pinua eta eukaliptoa kasu, edo orain nagusitzen ari den Asiako kriptomeria. Landaketa horiek, ez dira baso. Basoa beste zerbait da; anitza eta aberatsa. Non gelditzen dira ibaiertzeko haltzadiak eta ibar basoak, ondoko baso mistoak eta hariztiak eta goiko pagadiak? Eta biodibertsitatea?
Horregatik, Urumea bizi kanpaina abiatu genuen, oraindik ibaiak gordetzen dituen altxor naturalei balioa emateko. Horregatik ere, baso politika aldaketa eskatu genuen Naturkon (Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan) plataformarekin (Gipuzkoako natur talde eta ekologistak biltzen dituena) batera, eta eukaliptoen landaketak Hernanin zabaltzen ari zirela salatu genuen, haien kalte larriak mahai gainean jarriz. Añarbeko baso erreserbaren alde egin genuen, eta duela 100 urtetik gora, Artikutzan, uraren kalitateari eusteko, arro osoa babesteko hartu zen neurria Añarbeko urtegira zabaltzea proposatu genuen.
Urumea garbi
Arestian aipaturiko kanpainarekin, honako hau ere abian jarri genuen, ibaiko urak azken lau hamarkadetan hobera egin badu ere, oraindik zer hobetu bazegoelako ur kalitateari eta kutsadurari dagokionez. Ibai garbiketak beste hainbat eragileekin batera burutu ditugu, zaborrak ikusgai jarri ditugu, eta isurketak salatu ditugu ura koloretan agertu denean. Kezkagarria da, ordea, Amaran, ibaiaren ezkerraldean, agerturiko hondakin pila eta erakunde publikoek erakutsitako utzikeria. Are kezkagarriagoa da urteotan hainbat puntutan izandako isurketa mordoa, gehienak txikiak, baina etengabeak: urbeltzak, hidrokarburoak, margoak… Dozenatik gora izan dira, eta gehienak Martutene eta Txomin artean gertatu dira. Badirudi batzuk bideratu direla, eta arriskua saihesteko bitartekoak jartzeko asmoa dagoela. Halere, horietako isurketa batzuk 27. industrialdean dute jatorria, eta udalak hura ikaragarri handitu nahi duela jakiteak beldurra ematen digu. Ez gaitu ere lasaitzen 2005eko inauguraziorako zaharkituta zegoen Loiolako HUA (Hondakin Uren Araztegia), dagoeneko gainezka egotea. Espero dezagun aurreikusita dagoen zabalkuntzak sortu den arazoari irtenbidea ematea. Partxeak partxe, lan egiten duten bitartean.
Aipatu dugu Loiolako Erriberako kanalizazioa eta ez dugu ahaztu Loiolakoa, ibai ertz naturala eta udalarekin berarekin batera eginiko zuhaitz landaketa suntsitu zuena. Horrelakoak gaindituta zeudelakoan geunden, baina Martutenen agerian gelditu da astakeriak ez direla amaitu. Han horma are handiagoa eraiki zuten, gainera, ibilgua zabalduz, ur sakonera gutxituz eta itzalik gabeko labea sortuz. Sarruetan antzeko; eskuinaldean kanalizazio malguagoa, baina han ere Urumeari zartako eman diote. Pasealeku polita sortu dutela diote, nahiz eta herritarrak itzal faltaz kexatu, eta uda bero honetan basamortu bilakatu den. Haien helburu nagusietan asmatuko zuten beharbada, baina ekologiaren ikuspegitik ez dute asmatu, hori naturaltasunetik oso urruti dago. Dena ez da posible, eta interes batzuk bateraezinak dira. Guk Urumea garbia eta bizia nahi dugu, ibaia nahi dugu, eta hura aldarrikatzen jarraituko dugu. Defendatuko al dugu, zaintzen laguntzeko?