Alzheimerraren inguruko giza kate solidarioa egingo dute irailaren 24an
Alzheimerraren Munduko Eguna izango da irailaren 21ean, eta Afagi elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu Gipuzkoa osoan zehar. Jarduera nagusia larunbatean, 12:00etan, Donostian egingo duten IX. Giza Kate Solidarioa izango da, Alzheimerraren kontzientziazioan, prebentzioan, detekzioan, diagnostikoan, tratamenduan eta doluan jardutearen garrantzia aldarrikatzeko. Gipuzkoan, 13.000 lagunei eragiten die gaixotasun horrek.
Kanpainaren leloa honakoa da: Alzheimerraren ibilbidean jarduten gara, gaitzaren fase guztiak estali nahi direlako, etapa guztiak baitira garrantzitsuak, antzemate goiztiarretik hasi eta banakako tratamendura arte, eta baita dolua ere.
Gainera, Gipuzkoako hainbat herritan informazio mahaiak izango dira, eta Donostian hilaren 24ean jarriko dute, Cervantes plazan.