Ana de Armas protagonista duen 'Blonde' da 70. Zinemaldiko film sorpresa
Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko film sorpresa Blonde izango da, Marilyn Monroe izarraren erretratua, Joyce Carol Oates idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta dagoena. Filmaren emanaldia irailaren 24an (larunbata) izango da Victoria Eugenia Antzokian, 19:00etan, eta Ana de Armas –protagonista– eta Andrew Dominik –zuzendaria– bertaratuko dira aurkeztera.
Plan B Entertainment ekoiztetxeko Dede Gardnerrek, Jeremy Kleinerrek eta Brad Pittek ekoitzia, Blonde, Veneziako Mostran lehiatu berri dena, Andrew Dominiken –The Assassination of Jesse James by the Coward Ford, Killing them Softly eta This Much I Know To Be True filmen errealizadorearen– lan berria da. Marilyn Monroe aktore estatubatuar mitikoaren nortasun publikoaren eta pribatuaren arteko banaketan sakontzen du.
Ana de Armas antzezle kubatar-espainiarra da filmaren protagonista, eta jada egin ditu zenbait rol ikoniko, hala nola Blade Runner 2049 (Denis Villeneuve, 2017), Knives Out (Rian Johnson, 2019), Wasp Network (Olivier Assayas, 2019, Donostia Saria Emanaldia) eta No Time To Die (Cary Joji Fukunaga, 2021).