Estoldarekin lotutako ur drainatze sistema bat erabili dute erraustegian
Zubietako proiektuak egitura itxi bat bazuen ere, erretze frogak hastean, likidoa kanporatzeko tutu bat jarri zuten. Inguruko erreketako eta lurpeko uretan kutsadura atzeman dute hainbat ikerketatan. 'Berria' egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, baimenik gabeko drainatze tutuak eraiki zituzten erraustegian.
Udan zeresana eman du Zubietako erraustegiak (Gipuzkoa), haren aldamenean den Arkaitzerreka errakastoan izan den kutsadura dela eta. Uztailaren 13an apar likitsu batekin agertu zen erreka, eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak (EAM) gertaera salatu ostean, Usurbilgo Udalak laginak hartu zituen, laborategi batera bidaltzeko. Emaitzek erakutsi zuten kloruro, amonio, DQO (Oxigeno Eskaera Kimikoa) eta zenbait metal astun kopuru handiak zeudela errekastoan. GHK-k ukatu egin zuen erraustegia zela errekako isurketaren jatorria, nabarmenduta instalazioetako hobi eta biltegi guztiak “itxiak” direla, eta sistemaren “estankotasuna bermatuta” dagoela. Alegia, Zubietako instalazioetatik ez dela urik isurtzen kanpoaldera.
Kutsadura horren inguruan, Usurbilgo Udalak eta GuraSOS elkarteak salatu zuten Arkaitzerrekaren goiko urak garbiak zeudela, eta erraustegiaren instalazioetatik behera hasten zela kutsadura. Handik aste batzuetara, Gara egunkariak argitaratu zuen GuraSOS elkarteak Jaurlaritzan eskuratutako hainbat txostenen emaitza, eta ikerketa horien ondorioa zen erraustegiaren lur azpiko uretan kutsadura toxiko maila handiak daudela.
Besteak beste, dioxina, furano, fenol eta beste osagai toxiko arriskutsu batzuen presentzia baieztatu dute SGS eta Idom laborategiek egindako eta GuraSOSek Jaurlaritzako Ingurumen Sailean eskuratutako ikerketek. Txosten horien harira, GuraSOSek adierazi zuen Arkaitzerrekan uztailean gertatutakoa ez dela isurketa bakan bat izan: “Erraustegiaren lurreko eta lur azpiko uretako kutsadura arazo oso larri baten aurrean gaude. Arazo iraunkorra da, eta enpresak eta gobernuek ezagutzen dute, gutxienez, 2020ko udatik”.
Kutsadura horrekin zerikusia izan dezakeen kontu baten berri jakin du Berria-k. Erraustegian lanean aritutako behargin batek hainbat agiri eta irudi utzi ditu euskarazko kazetaren esku. Horiek erakusten dute Zubietako bi errauste lerroetan likidoak husteko baimenik gabeko drainatze tutuak eraiki zituztela lehen suzko probak hasi ostean, 2019. urtearen amaiera aldean.
Jatorrizko erreportajea Berria egunkariak argitaratu du, eta hedabide horren webgunean jarraitu dezakezue irakurtzen.