Euskaldunon Ahalduntze Eskola egingo dute Donostian, Euskaraldira begira
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute hirugarren Euskaraldia, eta egitasmorako motorrak berotzen hasteko, Euskaldunon Ahalduntze Eskola antolatuko dute Donostian, Tolosaldean eta Errenterian. “Herritarren hizkuntz ohiturak euskarara aldatzea edo indartzea da Euskaraldiaren helburua, horretarako aldeko giroa sortu eta belarriprest-ei eta ahobizi-ei urrats berriak emateko tresnak eskainita. Lehen bi Euskaraldiak igarota, eusle gisa aritzen diren herritarren portaeretan salto kualitatiboa emateko erronka dugu aurrean. Mota askotako prestakuntza eta komunikazio lanak gauzatu beharko dira horretarako, baina bada eusleen lana indartzea ahalbidetuko lukeen baliabide bat ere: euskaldunon ahalduntze eskola”, azaldu dute Euskaraldiko antolatzaileek.
Horrela, Donostiako eskolan izena emateko epea zabalik dago jada, helbide honetan. Euskarari eusteko konpromisoa hartu eta ulertzen dutenekin euskaraz aritu nahi duten herritarrentzako ahalduntze, prestatze eta esperientzia partekatze eskola izango da, Euskaraldian eta euren egunerokoan “urrats berriak eman nahi dituzten pertsonentzat”. Adibidez, “euskara sozialki erabiltzeko gogoa duena, bere praktikari buruzko hausnarketa egiteko prest dagoena, euskaraz egite horri ‘etekin’ hobea atera nahi diona (hobeto sentitu, egoera gehiago kontrolatu, euskaraz gehiago egin, urrats edo modu berriak ezagutu, eta abar) edo eusle portaera hartu nahi dutenentzat (gaia edozein izanda ere, hitzez zein idatziz, kide guztiekin euskara hutsean ariko den pertsona)”, azaldu dute antolatzaileek.
2022ko urritik abendura egingo dute eskola, astean behin ordu eta erdiko saioa eginda. Urriaren 13an hasiko dira, 18:00etan, eta egun hauetan egingo dituzte saioak: urriak 13, 20 eta 27; azaroak 3, 10, 17 eta 24; eta abenduak 1 eta 15 (itxiera saioa). Bagera Euskaltzaleen Elkartean egingo dituzte saioak, Hernani kaleko 15. zenbakian, behean. Bestalde, honako gai hauek jorratuko dituzte: estres linguistikoa eta aurreiritziak, asertibitatea eta ahalduntzea, ulerrizketa metodologia eta elkarrizketa elebidunak eta erdaraz diren elkarrizketak nola irauli.