Komunikazio elektronikoa bultzatuko du udalak, enplegu publikoak lortzeko prozedura arintzeko
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du administrazio elektronikoari buruzko araudiaren 28. artikulua aldatzea, bere araudia egungo errealitatera egokitzeko eta bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jarri beharko diren kolektiboak zehazteko.
Hain zuzen ere, kolektibo hauek dute udalarekin harreman elektronikoak izateko eskubidea eta betebeharra: pertsona juridikoak, nortasun juridikorik gabeko erakundeak, nahitaez elkargokide izatea eskatzen duen lanbide jarduera egiten dutenak, administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dagoen interesdun bat ordezkatzen dutenak eta administrazio publikoetako langileak, baldintza hori dela eta haiekin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako. Udalarekin elektronikoki harremanak izateko betebeharra jarduera ekonomikoak edo profesionalak egiten dituzten pertsona fisikoetara ere hedatuko dute, autonomoetara, batik bat.
Besteak beste, udaleko enpleguak lortzeko prozedura arindu nahi dituzte neurri horrekin, eta, “horrela, hautagaiei gaitasun tekniko hori aurreikusten zaien deialdietan harreman elektronikoa erraztu”, Eneko Goia alkateak azaldu duenez. Izan ere, gaineratu duenez, hautaketa prozesuen azken deialdietan, eta bide elektronikoa aukera bat izan arren, pertsonen %90ak baino gehiagok telematikoki egin dute eskaera.