Gehiegizko pisua duten haurrentzako programa prestatu dute, elkarlanean, udalak eta Osakidetzak
Donostiako Udala, tokiko osasun-politika bat garatzeko asmoz, haurren obesitatea prebenitzeko Pausoz Pauso estrategia bultzatzen ari da.
Marisol Garmendia Osasun Publikoko zinegotziak adierazi du beharrezkoa dela “haurrei eta haien familiei ikusaraztea elikadura egokia zer garrantzitsua den, gehiegizko pisurik ez hartzeko, hori, etorkizunari begira, beste osasun arazo batzuetarako atea izaten baita. Barazkiak, fruta eta elikagai orekatuak kontsumitzeko ohiturak hartzea, azukrea, koipe prozesatua eta frijituak hartu ordez, funtsezkoa da gizarte osasuntsu bat izateko”.
Gehiegizko pisua tratatzeko programa unibertsala, prebentziozkoa eta doakoa da, eta Donostiako familia guztiei eskaintzen zaie. Donostiako Osakidetzako lehen mailako arretako erizainekin eta pediatrekin lankidetzan gauzatzen da, haiek egiten baitute neska-mutilen eta haien familien baheketa, errekrutatzea eta jarraipena.
Programa 9 eta 13 urte bitarteko gazteak dituzten familiei zuzenduta dago. Bederatzi astetan, bederatzi lantegi egiten dira, ordu eta erdikoa bakoitza. Horietaz gain, errefortzuko lantegiak ere egiten dira, lau hilean behin. Hau da, guztira hamabi saio dira. Lantegiak bi taldetan egiten dira, aldi berean: batean adingabeek hartzen dute parte eta, bestean, helduek. Jolas eta hezkuntza jarduerak lantzen dira, gai hauen inguruan: elikadura osasungarria, jarduera fisikoa eta kirola eta emozioak, motibazioa, helburuak, zailtasunak, nahiak eta ilusioak.
Udalak 9 eta 13 urte bitarteko gazteak dituzten familia guztiak programan parte hartzera animatu nahi ditu, baldin eta gehiegizko pisuagatik eta elikadura ohiturengatik kezkatuta badaude. Horretarako, Osakidetzako anbulatorioan duten pediatrarekin harremanetan jarri beharko dute.