Legez kanpoko sei etxe turistiko itxiko ditu udalak Antiguan
Donostiako Udaleko Hirigintza sailak Antiguako Portuene kaleko sei etxebizitza turistiko ixteko agindua eman du, legez kanpo jarduten ari zirelako. Hala azaldu zuen Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak asteleheneko udal batzordeetan, EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranen galdera bati erantzunez. Arzallusen arabera, inguruko bizilagunen salaketa bati esker izan zuten legez kanpoko etxebizitza turistikoen berri.
Zehazki, bi etxebizitzari erabilera turistikoa ematen ari ziren, eta beste lau etxebizitza turistiko zituzten eraikineko beheko solairuko lokaletan; denak baimenik gabe. Udaltzaingoak txostenak erredaktatu ostean, Hirigintza sailak hiru espediente irekiko ditu establezimendu horiengatik: etxebizitza bakoitzeko bat eta beste bat lokalengatik. Espedienteen ondoren etxebizitza turistiko horiek ixteko agindua helaraziko dute, baita arduradunentzako zigor ekonomiko bat ezarri ere.
Gaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak adierazi du pandemia garaia (2020an eta 2021ean) kenduta –jarduera turistikoa jaitsi zelako–, ohikoa dela halako espedienteak irekitzea eta legez kanpo aritzen diren etxe turistikoak ixtea. “Bere garaian, horrelako jarduerak tratatzeko orduan, argi ikusi genuen bi aldetatik ekin behar geniola: araudia argia izateko apustua egin behar zela erabaki genuen alde batetik, eta araudia betearaztea bermatu behar zela bestetik. Eta, honek adierazten du hala izaten ari dela”, gaineratu du Goiak.
Plan Orokorraren moldaketa
Burutaranen beste galdera bati erantzunez, halaber, Arzallusek azaldu zuen aurreikusten dutela urtea amaitu baino lehen abiatzea Plan Orokorra moldatzeko prozesua, hotelak, ostatuak eta bestelako turismo ostatuak irekitzeko baimenak erregulatzea eta mugatzea errazteko.