Hamar horma irudi egingo dituzte Donostia Apain egitasmoaren barruan
Donostia Kulturaren kultur etxe sarearen egitasmoa da Donostia Apain, eta artearen bidez hiriko auzoen garrantzia ikusarazten laguntzea du helburu. Horretarako antolatu ditu azken urteotan artista muralisten topaketak Loiolan (2019) eta Altzan (2021). Hirugarren edizio hau Urumea ibaiaren ertzetara itzuliko da, Martutene eta Loiola auzoetara. Esku-hartzeak eta lanen antolaketa Loiola Kultur Etxetik koordinatuta daude, eta artistak aukeratzeko orduan ArteUpArte galeriaren aholkularitza kontuan hartu da.
Hamar esku hartze egingo dira guztira, eta horietatik bost Martuteneko auzoan izango dira, beste lau Loiolan, 2019az geroztik egindakoei gehituko zaizkienak, eta azken bat Urumearen ibilbidearen ondoan, Amara inguruan. Lehenengo esku hartzeak ekainean hasi ziren, eta urriaren erdialdera arte iraungo dute.
Artistak eta artelanak
Aurten aukeratutako artistak honakoak izan dira: Stephen Webb, Udatxo, Ione Larrañaga, SorTwo, Pablo Astrain, Maialen Arocena, Marina Capdevila, Lidia Cao eta berriki gehitu den Kol3jo txiletarra. Stephen Webb izan lehenengo artista lanean hasten ekainaren hasieran, Martutene auzoko biribilgunearen ondoan hain zuzen ere. Kartelez eta hezetasunez estalita zegoen adreiluzko konexio elektrikoen nodulu handi batean hartu zuen esku. Hirian bizi den artista ingelesak bere estiloaren erakustaldi bat utzi zuen berriro, espaziora eta ingurunera egokitu eta elkar eragiten duten forma eta kolore mosaikoetan oinarritua.
Hurrengo esku hartzea, ekainaren amaieran, Udane Juaristi Udatxok egin zuen Loiolako Urbia kalean. Azkoitiarraren lanak zapatilek eta landareek sortzen dituzten itzal-jokoak, kaleko argia eta naturaren koloreak harrapatzen dituen eszena bat marrazten du.
Uztaileko azken hamabostaldian, handik ez oso urrun, Ione Larrañaga antzuolarrak garatu zuen bere artea Haritzetako Gainerako sarbideko eskailera berrietan. Horma irudi honen bidez, ibaiaren eta haren ibilbide aldakorraren aurrean hiriak duen hauskortasuna transmititu nahi du; horretarako paperezko itsasontzi hauskor batzuk erabili ditu, eta eskuak, berriz, gizakia sinbolizatzeko.
Irailaren hasieran, Jokin Oregi bergararrak eta Pablo Astrain donostiarrak elkarrekin egin zuten esku hartzea. Irasmoenea kaleko sarreran dagoen eraikinetako baten fatxadan “hiperrealismo narratiboarekin” jolasten dute. Estilo horretan, pertsonaiak edo protagonistak kokatzen dituzte modu logikoan egokitzen ez zaien eszenatoki batean, eta egoera errealista batean islatzen dituzte. Errepidera isekaz begiratzen duen neskaren eta loreek itsututako gaztearen arteko konbinazioak oinezkoen arreta erakarri nahi duela dirudi, begiratu bai baina ikusten ez duguna gogora ekarriz.
Horma-irudi hori amaitzearekin bat, Arantzazu eskolako atarian dagoen Gazte Lekuko horman ekin zion lanari Maialen Arocenak. Irunen jaiotako artista plastikoak, behatzailea eta ingurunearekiko sentibera, bere lan askearen eta esperimentalaren estiloan dibertitu eta baliabide piktoriko berriekin jolastu nahi du.
Iraileko azken astean, eta eguraldia lagun bada, hiru esku-hartze izango dira ia aldi berean. Batetik, Marina Capdevila kataluniarrak Martuteneko Etxarriene zentroaren fatxada apainduko du irailaren 24tik aurrera; bestetik, 27an hasiko da Udatxo Federico Garcia Lorca pasealekuko dorrean, eta egun bat beranduago, 28an, hasiko dira Lidia Cao galiziarraren lanak Martuteneko pasealekuko fatxada batean.
Azkenik, Donostia Apainek Ur Kirolaken mendeurrenean inspiratutako horma irudiarekin itxiko du hirugarren edizio hau. Urriaren 10ean hasiko du bere lana, Moises Vargas Pardo txiletarrak, Kol3jo izenaz ezagunagoa.