Bizikletaren erabilera sustatu dute hiriko kaleetan zehar
Europako Mugikortasun Jasangarriaren asteari bukaera eman dio Bizikletadak. Gaur goizean egin du Donostiako Udalak, eta hiriko hamabi institutu eta ikastetxeetako 800 ikaslek parte hartu dute. Era berean, bizikleta ibilaldian izan dira Eneko Goia alkatea, Pilar Arana Mugikortasun zinegotzia, eta Bizikletaz Adinik Ez egitasmoko zein Txitako hainbat kide. Hamar bat kilometroko bidea egin du Bizikletadak.
Mugikortasun Astea Europako Batzordeak hiri mugikortasun iraunkorrari buruz egiten duen sentsibilizazio kanpaina nagusia da, eta bi helburu ditu: batetik, Europako tokiko agintariak animatzea garraio iraunkorraren aldeko neurriak sustatzera, eta, bestetik, herritarrak animatzea ibilgailu pribatuaren alternatibak probatzera, garraio publikoa eta garraio garbiko eta adimenduneko beste irtenbide batzuk erabiliz.