David Cronenberg zinemagileak jaso du aurtengo bigarren Donostia Saria
David Cronenberg zinemagileak (Toronto, Kanada, 1943) Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko bigarren Donostia Saria jaso du bart, Victoria Eugenia Antzokian egindako galan. Gaspar Noe zuzendari frantziarrak eman dio saria eta ondoren, Crimes of the Future proiektatu da, Cannesko azken zinema jaialdian lehiatu zen Cronenbergen film berria.
“Nire bizitzako uneren batean pentsatu nuen ibilbide osoarengatik sari bat jasotzea filmak egiteari uzteko mezu bat zela, eta honako hau esan nahi zuela: ‘Nahikoa da, utzi filmak egiteari”. Baina denborarekin ulertu dut hori ez dela horrela, batez ere honelako sari bat jasotzen ari naizelako, halako historia duen zinema-jaialdian eta hain polita den hirian jasotzen dudalako. Filmak egiten jarraitzeko bizigarri gisa jaso dut Donostia Saria”, esan du.
“Maiz pentsatu dut artea krimena dela, arauarekiko subertsiboa delako eta gure giza izaeraren alderdi zailak, bortitzak, subertsiboak eta ezegonkorrak jorratzen dituelako. Zentzu batean, arteak zerbitzu bat ematen dio zibilizazioari, ulertu ahal izateko, lurrean gizarte zibil bat izaten jarraitzeko beharrezkoak diren gauza horiei adierazpide bat ematen dielako. Uste dut orain ere, inoiz baino gehiago beharrezkoa dela artearen krimena, batez ere azken urteotan gertatu diren gertakariak direla eta. Horregatik, honako hau esango nuke: Gora zinema kriminala!”, aldarrikatu du.
Gaspar Noék Ozeko Azti moduko batekin alderatu du Cronenberg, zeinak “gaztetatik modu pertsonal eta bakarra sortu zuen zinemaren esentzia hipnotikoari heltzeko” eta “gai eta trikimailu berriak sortu zituen, aldi berean biologo baten, zirujau baten eta psikiatra baten bilaketa ziruditenak”. “Bere film guztiekin gure existentzia birpentsatzeko aukera eman digu, ezohiko ikuspegi aztoragarri eta heldu baten bitartez”, adierazi du.
2020an Viggo Mortensenek Donostia Saria jaso, eta, Falling, zuzendari gisa egindako lehenengo filma, aurkeztu zuen. Film hartan paper bat antzeztu zuen Cronenbergek, eta gala hartan proiektatutako bideo baten bidez zorionak bidali zizkion. Bart, berriz, Mortensenek agurra eta zorionak itzuli dizkio beste bideo batean.
Cronenberg-en ibilbidea
David Cronenbergek gaixotasuna, indarkeria, sexua, gorputza, esperimentazio zientifikoa eta halako gaien inguruan eratu du bere filmografia; izan ere, esperimentazio zientifikoak oso presentzia handia du Shivers (1975), Rabid (1977) eta The Brood (1979) filmetan.
Scanners (1981) eta Videodrome (1983, Haragi Berria deritzonaren estetikaren gailurretako bat) filmek finkatu zuten Cronenbergen ospea. The Fly (1986) lanean intsektu bihurtzen den zientzialari baten istorioa kontatu zigun; horren ondoren, ginekologo biki biren rola egin zuen Jeremy Ironsenek Dead Ringers (1988) Cronenbergen filmean, eta operako izar batez maitemintzen den diplomatiko batena, berriz, M. Butterfly (1993) pelikulan.
Idazleen liburuak ere egokitu izan ditu: Stephen King (The Dead Zone, 1983), William Borroughs (Naked Lunch, 1991) eta J. G. Ballard (Crash, Epaimahaiaren Sari Berezia Cannesen, 1996), adibidez.
Bestalde, eXistenZ (1999) pelikulan errealitate birtuala jorratu zuen eta Spider (2002) filmean, berriz, gaixotasun mentala. Ondoren, Viggo Mortensen presentzia izan zuen A History of Violence (2005) eta Eastern Promises (Sail Ofiziala, 2007) thrillerretarako, eta A Dangerous Method (2011) lanetarako. Geroago, Cosmopolis (2012) eta Maps to the Stars(2014) etorri ziren, eta Julianne Moorek emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen Cannesen lan horrekin.
David Cronenbergek beste zinemagile batzuen filmetan ere lan egin izan du aktore gisa, hala nola hauetan: Nightbreed (1990, Clive Barker), To Die For (1995, Gus Van Sant), Extreme Measures (1996, Michael Apted) eta Falling (2020, Viggo Mortensen, zeina bideo baten bitartez zoriondu baitzuen, 2020an Kursaalen, Donostia Saria jaso zuenean). Gainera, Kanadako Ordenarekin saritu dute, eta Frantziako Arte eta Letren Ordenako ofizial eta Ohorezko Legioko zaldun ere bada. 2014an bere lehen eleberria argitaratu zuen, Consumed: A Novel izenekoa.