Kristinaenean eta Ulian hainbat jarduera egingo dira Asteklimaren barruan
Irailaren 23tik urriaren 2ra, 3. Asteklima egingo da, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea, eta bertan, Cristina Enea Fundazioak parte hartuko du. Horregatik, Kristinaenean eta Ulia mendian, haurrentzako tailerrak, film proiekzioak eta bisita gidatuak egingo dira, herritarrak ezinbesteko trantsizio energetiko eta klimatikoari buruz kontzientziatzeko eta mobilizatzeko helburuarekin. Jose Maria Hernandez, Cristina Enea Fundazioko zuzendariak, adierazi duenez, “klima-aldaketaren auzia herritarrengana gerturatu nahi dugu, hizkera erraz eta didaktikoa erabiliz”. Jardueretan parte hartzeko izen-ematea hemen egin dezakezue.
Asteklimaren egitarauan honako jarduera hauek egingo dira:
Irailaren 22an eta 24ean:
- Zaborra ez da existitzen erakusketa. Bere proiektuen bidez, Basurama une batez iraultzen saiatzen da, edo gutxienez azaltzen, ekoizpen, kontsumo eta hondakin makina gupidagabea, beste modu batean inguratzen gaituzten material eta objektuetan pentsa dezakegula iradokitzeko, birziklatzaileek eta txatarreroek iragartzen digutenez, zaborra ez da existitzen…
Irailaren 24ean:
- 11:30: Klima-aldaketa: joko beroa tailerra Kristinaenean. Familientzako tailer didaktikoa. Bertan, oso modu atseginean, klima- aldaketak planetako hainbat lekutan bizi diren pertsonengan izango duen, eta izaten ari den, eragina aztertzen da. Halaber, ikuspegi ludikotik aztertzen da herritarrek har ditzaketen ekintzak, eta hauek zer eragin duten klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta zer ahalegin pertsonal ekar lezakeen.
Irailaren 25ean:
- 11:30: Udazkena, non sartu zara? haurrentzako tailerra Kristinaenean. Urtaroak ez dira jada lehen zirenak… uda luzatzen ari dela dirudi, eta udaberria gero eta epelagoa eta iragankorragoa da, ia konturatu gabe ihes egiten digu. Zer gertatzen da udazkenarekin? Nola eragiten dio aldaketa globalak Cristina Eneako udazkenari?
Irailaren 30ean:
- 19:30: Nanuk, eskimala filmaren emanaldia, Juantxo Zeberio musikariak pianoarekin zuzenean lagunduta, Kristinaenean. Dokumental goraipatua, aitzindaria eta eredugarria, Artikoko eskimal familia baten bizi- baldintza gogorrak kontatzen dituena. Juantxo Zeberio musikariak hainbat pieza joko ditu pianoarekin zuzenean, proiekzioarekin batera.
Urriaren 1ean:
- 11:00: Klima aldaketa eta hegaztiak tailerra Ulia Interpretazio Zentroan. Klima aldaketa mundu osoko gizakiok mahai gainean daukagun erronkarik nagusienetako bat da, zalantzarik gabe. Aldaketa horrek eragina dauka naturako elementuetan, baita hegaztietan ere. Aldaketak ikus ditzakegu hainbat arlotan, esaterako migrazio garaietan eta beraien ezaugarri fisikoetan.
Urriaren 2an:
- 11:30: Gork doktorea eta bere lagunak haurrentzako tailerra Ulia Interpretazio Zentroan. Gork doktorea asko ibili da munduan zehar bidaiatzen eta ondo ezagutzen ditu tokian tokiko animalien bizimodu eta ohiturak. Lagun paregabeak egin ditu bidaia hauetan eta beti da pozgarria eskutitz, mezu edo zurrumurruen bitartez haien berri jasotzea. Baina jaso duen azkeneko eskutitzak benetan kezkatuta utzi du.