Polloeko mausoleoan identifikatu gabe dauden gorpuak identifikatzeko ikerketa egingo dute
EH Bilduren iradokizun baten harira, Donostiako Udalak iazko azaroan agindu zion Aranzadi Zientzia Elkarteari Polloe hilerriko Martirien Mausoleoa izeneko mausoleo frankistaren inguruko txostena egiteko. Txostena osatzeko ikerketan, Aranzadikoek egiaztatu zuten mausoleoan, 36ko gerran hildako hainbat militar frankistaz gain (euren izen-abizenak dituzten hilobiak daude han), gutxienez hamazazpi miliziano antifaxista daudela, hamazazpi gorpu horiek identifikatu baitzituzten.
Ordea, mausoleoan beste 70-80 gorpu daude identifikatu gabe, eta Iñaki Egaña historialariak duela 30 bat urte mausoleoaren inguruan egindako ikerketen arabera, litekeena da gorpu horiek ere errepublikanoenak izatea. Horregatik, Ane Oiarbide Eskubide Zibiletako zinegotziak IRUTXULOKO HITZA-ri adierazi dionez, 2023ra begira, Aranzadiri eskatuko diote egindako ikerketan sakontzeko: “Helburua han dauden beste gorpuzki horiek guztiak identifikatzea izango da, nahiz eta badakigun oso zaila izango dela, egoera txarrean eta nahastuta daudelako, 1936tik”. Egañak nabarmendu duenez, “zalantzarik gabe errepublikanoak ziren 32 daude, hamazazpi horiek barne”. “Izan ere, erregistroetan daude euren izenak; nik izen horiek ezagutzen ditut, eta badakit gerran zer bandotan egon ziren. Bestalde, beste 70 bat gorpu daude, ezezagunak direnak. Baina, ziur aski, errepublikanoenak izango dira, hilerriko beste hobi komunetatik eramandakoak”, gaineratu du.
Hamazazpiak omenduko dituzte
Maiatzean, Memoria Historikoaren Legea betez, mausoleoko plaka frankista kendu zuten. Eta, pasa den asteartean, frankistek Donostia hartu zutenetik 86 urte bete zirenean, iragarri zuten gunearen esanahia aldatuko dutela: Eusko Jaurlaritzak, Gogora institutuaren bidez, hamazazpi miliziano horien izenak izango dituen plaka bat jarriko duela; udalak, bere aldetik, eskultura bat jarriko du. Oiarbidek azaldu du oraindik ez dutela oroigarriak jartzeko datarik zehaztu, baina “legealdia amaitu baino lehen” jarriko dituztela; 2023ko udaberria baino lehen, alegia.