"Zinemaldiko 22 pelikula ikusteko sarrerak erosi ditut"
Txikitatik du gogoko Zinemaldia Juan Ignacio Gomez Urbiriak (Parte Zaharra, 1956). Erretiroa hartuta dago orain, baina lanean zegoenean denbora librea hartzen zuen pelikulak ikustera joateko. Zinemaldia nola bizitzen ari den azaldu digu.
Nola bizitzen duzu Zinemaldia?
Oso intentsuki. Aurten, gainera, aurreko bi urteetan baino intentsuago bizitzen ari naiz: jada ez dago COVID-a, eta 70. urteurrena da, beraz, 22 pelikula ikusteko sarrerak erosi ditut. Asteartean egun gogorra izan nuen lau pelikula ikusi nituelako, baina atzo, adibidez, bakarra ikusi nuen. Batzuetan gehiago ikusten ditut eta besteetan gutxiago. Baina Zinemaldiko bederatzi egunak ez ditut zinemara joateko bakarrik aprobetxatzen. Egia esan, Zinemaldiko egunkaria irakurtzea gustatzen zait eta baita hedabideetan Zinemaldiari buruz esaten dutena irakurtzea eta entzutea ere. Txikitatik miresten dut Zinemaldia. Parte Zaharreko Etxague Jenerala kalean bizi nintzen, eta ospetsuei sinadurak eskatzera joaten nintzen, 8 urte inguru nituenean. Gaur egun, 66 urte ditut, eta Rebordinos zuzendariaren azken urteak bizitzen ari gara Zinemaldian, eta oso garai modernoa eta desberdina dela esango nuke, lehen zenarekin alderatuta.
Zer da Zinemalditik gehien gustatzen zaizuna?
Sail Ofizialeko eta Perlak saileko filmak ikustera ari naiz joaten, oro har, nahiz eta interesatzen zaizkidan beste pelikula solte batzuk ere ikusi ditudan. Asko dago ikusteko, baina denbora falta zait denera iristeko. Niri gauza berritzaileak ikustea gustatzen zait, eta ez naiz komertzialaren oso aldekoa. Orain gaztea nintzenean baino lasaiago joaten naiz zinemara, izan ere, pelikula aspergarri asko ikusi behar izan ditut.
Zerbait berezia egiten al duzu jaialdiko egun hauetan?
Orain erretiroa hartuta nago, baina lan egiten nuenean, autonomoa nintzenez, Zinemaldira joateko denbora librea hartzen nuen. Garai horretan, batez ere gaueko pelikulak ikustera joaten nintzen, eta orain, aldiz, egunez joaten nahiz gehienetan.
Ba al da aurten nahitaez ikusi nahi zenuen pelikularik?
Jaialdiaren aurretik prentsan agertzen diren albiste guztiak irakurtzen ditudanez, interesatu ahal zaizkidan pelikulak apuntatzen joaten naiz. Aurten, adibidez, Sparta filma ikustera joan naiz. Ikusita neuzkan Zinemaldian Ulrich Seidl zuzendariaren beste pelikula batzuk, eta gai oso interesgarriak eta polemikoak jorratzen ditu. Spartaren aurkezpenera ez da zuzendaria etorri aurten, izan ere, hainbat arazo ditu Errumanian, pelikulan agertzen diren haurren gurasoekin. Niri, egia esan, gustatu zait pelikula. Oso gai gogorra jorratzen du, baina interesgarria da.
Orain arte ikusi dituzun pelikuletatik zein da gehien gustatu zaizuna?
Gehien gustatu zaidana Argentina, 1985 izan da. Hala ere, ikusi ditudan pelikula guztiei 7, 8 edo 9 bat jarriko nieke puntuazio gisa. Egunkarietan agertzen diren kritikari batzuen puntuazioak oso baxuak iruditu zaizkit. Hala ere, egia da normalean zinema espainiarra eta euskalduna ez ditudala Zinemaldian ikusten, denerako denbora ez dudanez, gerorako uzten ditudalako. Baina Mikel Gurrea zinemagile donostiarraren Suro ikusteko aukera izan dut, eta ikaragarri gustatu zait, txundituta geratu naiz. Horri ere 8 bat jarriko nioke, eta uste dut ibilbide garrantzitsua izango duela zineman.
Eta gutxiago gustatu zaizun bat?
Banekien polemika izango zuela, eta asteartean Pornomelancolía ikustera joan nintzen, Manuel Abranovich zuzendari argentinarrarena. Momentuz, gutxien gustatu zaidan pelikula da. Pelikulako irudia istorioa baino hobea da kasu honetan.
Zein da gogoratzen duzun Zinemaldiko urterik onena? Edo bereziki oroitzen duzun Zinemaldian ikusitako pelikularen bat?
Star Wars AEB-tan estreinatu ostean ekarri zuten Zinemaldira, eta inpresioa egin zidan. Hala ere, pelikula on asko egon dira Zinemaldian, eta baita egon beharko ez liratekeen filmak ere. Sari banaketa batzuekin ere nago ados, baina hori denarekin bezala da; gustuak eta gustuak daude. Epaimahaiaren araberakoa da, baina uste dut inguruneak sarietan eragina duela. Epaileek askatasuna dute, baina influentzia ere bai, nire ustez.