86 urteren ondoren, merezi duten aitorpena
Polloe hilerriko mausoleo frankistan aurkitu dituzten hamazazpi miliziano antifaxisten memoria berreskuratuko dute Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Ordea, identifikatu gabeko gorpu ugari daude hobi horretan, eta datorren urtean sakonduko dute ikerketan.
Polloe hilerriko Martirien Mausoleoa beti egon da hor, hilerriaren kale nagusitik ezkerrera: gurutze handi bat, 36ko gerraren garaian hildako zenbait militar frankisten hilobiak eta honakoa zioen plaka bat: A la memoria de los asesinados por defender sus ideales de Dios y España. Una oración por sus almas (Espainiaren, Jainkoaren eta beren idealak defendatzeagatik hildakoen oroimenez. Otoitz bat haien arimengatik). Urte luzez, ordea, ezer gutxi hitz egin da monumentu frankistari buruz.
Iñaki Egaña Euskal Memoria Fundazioko historialaria izan zen gaia aztertzen lehena: «Duela 30 bat urte, 36ko gerra Euskal Herrian eta Donostian nolakoa izan zen aztertu nuen. Horrela, garai hura bizi zuten herritar batzuen testigantzei esker, jakin nuen mausoleoan errepublikano batzuk lurperatu zituztela, eta pare bat aldiz idatzi nuen horri buruz».
Duela urtebetera arte, aldiz, ez da esku hartzerik izan mausoleoan. «Itsaso Bikuñak [Dinamita Tourreko kidea] iritzi artikulu bat idatzi zuen IRUTXULOKO HITZA-n [2021eko azaroaren 12an], eta nik argitaratutakoa aipatu zuen. Artikulu hori aipatuz, EH Bilduko zinegotzi Markel Ormazabalek iradokizun bat aurkeztu zuen udaleko Giza Eskubideen Batzordean, eta udalak ere ez zuenez horren guztiaren berri, Aranzadiri ikerketa bat egiteko agindu zioten», azaldu du Egañak. Hain zuzen ere, Bikuñaren artikuluaren aurretik, 2020ko urrian, hedabide honek mausoleoaren inguruko erreportaje bat argitaratu zuen, eta hor ere Egañaren ikerketak aipatu zituen. «’Errua’, beraz, IRUTXULOKO HITZA-rena izan zen», gaineratu du historialariak.
Prozesua «nahiko azkarra» izan dela nabarmendu du Eskubide Zibiletako zinegotzi Ane Oiarbidek: «Iazko azaroaren 20an [Francoren heriotzaren urteurrenean], lore sorta bat agertu zen mausoleoan, eta horren ondorioz etorri zen EH Bilduren iradokizuna. Horrez gain, udaletik ere beste bide batzuetatik jakin genuen bazeudela ‘nostalgiko’ batzuk han lore sortak eskaintzen. Beraz, guk ere beharrezkoa ikusten genuen argitzea zer zegoen hor eta mausoleoak Memoria Historikoaren Legea urratzen ote zuen».
Horrela, Aranzadiri mausoleoari buruzko txosten bat egiteko agindu zion udalak, eta txosten hori osatzeko ikerketan identifikatu zituzten han lurperatuta dauden hamazazpi miliziano antifaxista, Oiarbidek azaldu duenez: «Udan aritu ziren han kata bat egiten Aranzadiko eta Gogora institutuko langileak, eta ondorioztatu zuten ezin zirela gorpuzkiak handik atera, egoera txarrean eta nahastuta daudelako. Abuztuaren hasieran, miliziano horien senideekin bildu ginen, kataren berri emateko eta omenaldiren bat egitea proposatzeko. Helarazi ziguten nolabaiteko bakea aurkitu dutela euren senideak non dauden jakitean».
Egañak azaldu duenez, nahiko ohikoa da gorpuzkiak halako hobietatik atera ezin izatea: «Erorien Haranean antzekoa gertatzen da. Ni ikerketa batzuk egiten aritu nintzen han Aranzadirekin, eta badakit horko gorpuzkiak ere nahastuta daudela eta oso zaila dela handik ateratzea». Horrela ere, pozik agertu da Aranzadiren ikerketaren emaitzekin: «Nik duela 30 bat urte lortu nuena askoz modu zehatzagoan lortu du orain Aranzadik. Horrek esan nahi du, beraz, gutxienez hazia landatu behar dela, gero ez dakizulako zertarako balio ahal duen».
Beste gorpu asko daude
Hamazazpi miliziano horiez gain, ordea, beste hainbat gorpu daude han. «Zalantzarik gabe errepublikanoak ziren 32 daude, hamazazpi horiek barne. Izan ere, erregistroetan daude euren izenak; nik izen horiek ezagutzen ditut, eta badakit gerran zer bandotan egon ziren. Bestalde, beste 70 bat gorpu daude, ezezagunak direnak. Baina, ziur aski, errepublikanoenak izango dira, hilerriko beste hobi komunetatik eramandakoak».
Hain justu, Oiarbidek azaldu duenez, ikerketak ondorioztatu du identifikatu gabeko gorpuak beste hobi komunetatik eraman zituztela: «Ikusi da hilerrian bertan zeuden bi hobi komunetan zeuden gorpuzkiak atera zituztela eta mausoleora eraman zituztela. Gerra testuinguru batean murgilduta zeuden, eta badirudi hildakoak une oro eramaten zituztela hobietara. Ahal zutenean, hilerriko langileek identifikatu egiten zituzten, baina batzuk identifikatu gabe daude: horrela lurperatu zituzten lehenengo, desobiratu gero eta mausoleoan lurperatu ondoren».
Hala ere, zinegotziak jakinarazi du gorpu horiek identifikatzen saiatuko direla: «Udaletik argi dugu hari honetatik oraindik tira egiteko aukera badagoela. Horregatik, hurrengo urtera begira, txosten honetan sakontzeko eskatuko diogu Aranzadiri, mausoleoaren inguruko ikerketa sakondu dezan. Helburua han dauden beste gorpuzki horiek guztiak identifikatzea izango da, nahiz eta badakigun oso zaila izango dela, egoera txarrean eta nahastuta daudelako, 1936tik».
Bestalde, EH Bilduk eskatu du mausoleoa botatzeko; “beharrezkotzat” jo dute eraistea, “ikur frankista” bat delako. “Eusko Jaurlaritzari (Gogora Institutuari) ez diogu ezer eskatzen berak Espainiako Gobernuari Erorien Aranaren inguruan eskatu ez dionik. Hau da, mausoleoa eraitsi behar da, eta baliabide guztiak erabili behar dira hobian dauden pertsonen nortasuna ezagutzeko”, gaineratu dute.
Memoriaren lanketa
Maiatzean, mausoleoko plaka frankista kendu zuten, eta gorpuak ateratzeko ezintasunaren aurrean, pasa den asteartean iragarri zuten mausoleoari esanahia aldatuko diotela: Jaurlaritzak, Gogoraren bidez, hamazazpi milizianoen izen-abizenak eramango dituen plaka bat jarriko du, eta udalak eskultura bat. Oiarbidek azaldu du oraindik ez dutela zehaztu plaka eta eskultura jartzeko datarik, baina argitu du legealdia amaitu baino lehen —2023ko udaberrian bukatuko da— jarriko dituztela.
Egañak begi onez ikusi du mausoleoari esanahia aldatzeko egitasmoa, baina ohartarazi du ondo landu behar direla han jarriko dituzten oroigarrietako mezuak: «Asmatu egin behar da testuekin. Ez da egin behar Ategorrietan egin zutena, niretzat lardaskeria baita hori [1931n, Pasaiako hainbat arrantzale grebalari hil zituen Guardia Zibilak han, eta udalaren plaka bat dago gaur egun]. Pentsatu behar da Donostian bizi garen gehien-gehienok ez genuela gerra garaia bizi. Beraz, zerbait oso didaktikoa eta berezia egin beharko lukete. Eta, salatu egin beharko lukete Espainiako armadak urteotan guztietan izan duen jarrera; mausoleoa ezkutatzekoa, esaterako».