Basket Kalea: saskibaloia edonorentzat
Ramuntxo Albisturrek eta Vito Alessandro Caringellak apirilean sortu zuten Basket Kalea mugimendua, jendea saskibaloi kantxetara jokatzera sartzen animatzeko, eta Donostiako kantxen egoera txarra salatzeko. Gainera, haien helburua Donostian kantxa erabat publikoa eraikitzea da, euritik babesteko teilatu bat izango duena.
Donostiako auzoetan kirola egiteko eremu asko daudela esan daiteke. Auzo gehienek saskibaloian jokatzeko kantxak dituzte, guztionak direnak. Edonork erabili ditzake, baina, askotan kostatu egiten da ezezagun batzuekin partida bat jokatzea. Egoera hau aldatzeko, Ramuntxo Albisturrek eta Vito Alessandro Caringellak Basket Kalea mugimendua sortu zuten.
“Mugimendua jendea kantxetara hurbiltzea sustatu nahi genuelako hasi zen, jendeak kalean entrenatzea eta ondo pasatzea nahi genuen”, azaldu du Caringellak. “Guk soilik izen bat jarri genion mugimenduari, lehenagotik komunitate txiki bat zegoen kaleetan saskibaloian ibiltzen zirenak”, gaineratu du Albisturrek. Basket Kalearen sortzaileek jendea kantxetara hurbiltzea nahi dute: “Askotan, jendea ikusten dugu, nola jokatzen dugun begiratzen, eta ez dira ausartzen gurekin jokatzera, beraz, guk kantxara sartzera animatzen ditugu”.
Kolektiboa apirilean sortu zen, Amara Berriko Aitzol plazan dagoen kantxan antolatu zuten txapelketa batekin. Eguraldi txarraren ondorioz, ordea, atzeratu behar izan zuten, eta hilabete geroago antolatu zuten Intxaurrondon. “Gure lehenengo txapelketa izan zen, eta, hasieran, nahiko urduri geunden, ez genekielako zein izango zen jendearen harrera, baina segituan hasi zen jendea animatzen”, adierazi du Caringellak. Albisturrentzat, zera izan zen politena: “Jende ezezaguna etorri zela”.
Basket Kaleak jarduera asko antolatu ditu Donostiako hainbat kantxetan uda honetan, eta mugimendua izugarri hazi da azken hilabeteotan: “Orain, talde erraldoia izatea lortu dugu, eta kolektiboan 130 pertsona inguru egon gaitezke”, adierazi du Albisturrek. Partidak edo txapelketak jokatzeko, Whatsapp talde bat edo sortu duten Instagram kontua erabiltzen dute, baina adierazi dute “interesgarriena kantxan gelditzea» dela, «lehenago sare sozialen bitartez zehaztu gabe, eta jende berria ezagutu”.
Era guztietako jendea biltzen dute; kanpotarrak, euskal herritarrak, haurrak, helduagoak, baina euren buruari eta gizarteari pare bat kritika egiten dizkiote: “Batetik, neska gutxi hurbildu dira, hiruzpalau, oso ondo pasa dutenak eta lehiakortasuna erakutsi dutenak, baina oraindik kostatu egiten da neskak ikustea, gizonezkook errazago dugulako, gizartean hobeto ikusten delako. Bestetik, euskal herritar gutxi gaude, normalean taldearekin edo lagunekin jokatzeko ohitura dugulako, eta kostatu egiten zaigulako ezezagunekin jokatzea”, nabarmendu du Albisturrek.
Kantxen mantenua
Kalean jokatzeko helburua izateaz gain, mugimenduak Donostiako kantxetako egoera salatu nahi du, gehienak ez daudelako behar bezala zainduta. “Kantxen egoerak kezkatzen gaitu. Hemen, Zurriolakoan, lurra izorratuta dago, saskiaren eremua nahiko puskatuta dago, eta, gainera, neguan, gauetan ez dago argirik”, salatu du Caringellak. “Gainera, konturatu gara hiriko kantxak egin zituztenek ez zekitela saskibaloiari buruz, askok ez dutelako lurra saskibaloian jokatzeko egokituta”, adierazi du Albisturrek.
Udalari kantxak konpontzeko eskaera egingo diote datozen asteotan, eta salaketa prestatzen ari dira: “Sinadurak biltzen ari gara, eta mugimenduan dagoen kide bat salaketa prestatzeko aholkuak ematen ari da”. Hilabeteotan, Basket Kaleko kideek konponketa txiki batzuk egin dituzte kantxa batzuetan, adibidez, sare berriak jarriz. Ordea, ezin dituzte konponketa sakonagoak egin: “Eremu publikoa da, eta udalak ez digu baimenik ematen esku hartzeko. Lehendabizi, udalak ardura hartzea nahi dugu, baina, bestela, baimena eskatuko dugu guk egiteko, auzolanean edo obra finantzatzen”.
Kantxa publikoa
Donostian euri asko egiten du, eta hiriko kantxak ez daude prest egoera klimatologiko horretan jokatzeko. Horregatik, eta kantxen egoera txarra ikusita, Basket Kaleak helburu gisa jarri du datozen urteotan estalitako kantxa publiko bat lortzea. “Kiroldegietan, nahiz eta publikoak izan, ordaindu behar da. Horregatik, kantxa guztiz publiko bat nahi dugu, edonork, ordaindu gabe, erabili dezakeena. Gainera, teilatu bat izatea nahi dugu, euria egiten duenean jokatu ahal izateko”, adierazi du Albisturrek.