Elkarretaratzea egin dute Loiolako Erriberan izandako bortxaketa salatzeko

Aurreko asteburuan Loiolako Erriberan 14 urteko neska bat bortxatu zuten. Hori dela eta, Donostiako Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo gertakariak salatzeko.
Bortxaketa ostiraletik larunbatera gertatu zen, Loiolako Erriberetako festetan. “Beste ezer esan baino lehen, gure babes osoa erakutsi nahi diogu emakumeari. Aski da! Nazkatuta gaude!”, adierazi zuten Asanblada Feministaren irakurketaren hasieran.
Horren ondoren, eraso hau ez dela kasu isolatu bat nabarmendu zuten: “Bizi garen sistema zisheteropatriarkal kapitalistaren ondorio zuzena da. Mugimendu feministatik urteak daramatzagu eraso matxistak salatzen eta argitara ateratzen. Jakin badakigu, eraso matxistek hamaika forma har ditzaketela, eta horiek guztiak desagertu arte jarraituko dugu salaketa lanetan”.
Indarkeria matxista “lehen mailako arazo politikotzat” hartzea exijitu zuten jarraian: “Egungo jarrera konplizeak alboratu, eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu!”.
Donostiako Asanblada Feministak “gogor” salatu zituen emakumeek egunero jasaten dituzten eraso matxista guztiak. Horrekin batera, autodefentsa feministarako deia egin zuten. “Feministok erantzuteko prest gaude! Gure artean saretzen eta antolatzen jarraituko dugu aske izan arte!”, aldarrikatu zuten.