Eta, gertatu izan balitz?

Gelditasuna ekaitzean
Zuzendaria: Alberto Gastesi.
Urtea: 2022.
Herrialdea: Euskal Herria.
2005ean ezarri berri du Josu Martinez zinemagile, idazle eta komunikazioan doktoreak euskal zinemaren sorrera. Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza liburuan dioenez, urte hartan, Aupa Etxebeste filmaren estreinaldiarekin, jarraikortasunez eta normaltasunez hasi ziren euskaraz pelikulak filmatzen; Asier Altunaren eta Telmo Esnalen komediak irekitako bidetik etorri dira gai, forma, trataera eta hurbilketa askotarikoa izan duten ekoizpenak. Istorio txiki eta intimistek erraldoi bihurtzeko gaitasuna dutela deskubritu dugu; Euskal Herriko iragan hurbilari hautsa kentzen ari gara; eta mitologian zein fantasiazko generoan oinarritutako lanek ikusmina sortu dute. Ez-fikziozko lanek ere munduari buelta eman diote.
Pausoz pauso, ari dira euskal zinemagileak ikus-entzunezko lengoaiari galdezka, istorioen, irudien eta horien izaeraren kontzientzia hartzen. Eta, gehienetan, emaitzen erakusleihoa Donostiako Zinemaldiko Zinemira saila bada ere, Sail Ofizialean, Zabaltegi-Tabakaleran edo New Directors atalean ere lehiatu dira, nazioarteko lanekin parez pare. Ez da, baina, Alberto Gastesi zinemagile donostiarraren kasua. Bere lehen film luzea festibalak euskal zinemari eskainitako galan emateko aukeratu du, eta Irizar saria irabazteko hautagaia bada ere, Gelditasuna ekaitzean filmak gehiago merezi duelakoan nago.
Puzzle erraldoi baten pieza solteak bailiran, elkarrekin ahokatzen ez duten pasarteak kateatuko ditu Gastesik bere opera prima-n. Saltoz eta etenez betetako narrazioak lanean jarriko ditu ikus-entzuleon burmuinak, eta pertsonaien arteko elkarrizketetatik ere ezer gutxi atera dezakegu. Denbora-espazioaren logika narratibo lineala hautsiz, kaos desordenatuan murgilduta abiatuko da. Hasierako eszenak ikusita, deseroso gaude, arrotza egingo zaigu Gastesik horiek zatitzeko duen bulkada. Zuri-beltza da nagusi, eta koadroa luze bezain zabala da. Gelditasuna ekaitzean filmak, euskal zinemagintzak apenas ezagutu duen planteamendu formala dakar, Martinezek 2005ean finkatutako sorrera urtetik gaur egunera arte, behintzat. Zuzendari berriei eskainitako sailean parte hartzeko adina meritu dituena, euskarazko tituluaren zuzentasuna zalantzagarria bada ere.
Auto baten barruan, bikote bat, Paristik iritsi berri, etorkizunari begira. Donostian bueltan da Lara (Loreto Mauleon), Telmorekin (Aitor Beltran) bizitza proiektu berri bat abian jartzeko asmoz. Etxea erosi edo ez erabakitzen ari dira. Agentziara joan, eta Daniel saltzaileak (Iñigo Gastesi) proposatutako bat dute gustuko. Hau Verarekin (Vera Milan) bizi da, neska lagun andaluziarrarekin.
Badoaz minutuak aurrera, baina ez gaude ziur gertatzen ari dena ulertzen ote gabiltzan. Ingmar Bergmanen oihartzuna identifika genezake, Faro uhartean errodatutako film existentzialetan nagusi den bikotasuna aldarri, argi-itzalen joko espresionista barne. Edo, Federico Felliniri egindako keinua, La dolce vita-ren (1960) bukaeran azalduko den itsasoko munstroa Kotxako hondartzara ekarriz, bale itxurarekin, irakurketa metaforikoen pizgarri. Jonas Truebak Madril nola erretratatzen duen txalotzen dutenei Gastesi aitortzea ere dagokie orain, Donostiako kaleak eta txokoak Woody Allenek baino dezente zintzoago eramango baititu pantailara.
Baina, puzzle orotan gertatzen den moduan, bada pieza bat, ustekabean jarri, eta ondorengoei bide egiten diena. Hirian ohikoa den egun triste horietako bat izango da susmagarria: musika kontserbatoriora sartzeko proba burututa, gazte bat ezagutuko du Larak; elkarri agurtu ez, baina begiradak trukatu dituzte. Berriz egingo dute topo, eta elkarrekin igoko dira Igeldora, motoan. Baretu da euri jasa, eta denboraleak berarekin eraman du kaosa. Lasai asko jarrai dezakegu orain batak zein besteak esateko dutena. Santa Klara uharteari begira, sakon arnasteko aukera izango du, aurrenekoz, kontaketak.
Irudimenaren logika narratibo iheskor eta nahasiari buelta emanez, kontaketa iragankor bilakatuko da, arimaren eta gogamenaren barrenetan, ametsak askabide izan daitezkeela aldarrikatuz. Gure baitan bada ere, noizbait hartutako erabaki okerrak zuzentzeko eskubidea dugula erakutsiko digu Gastesik Gelditasuna ekaitzean filmean; hitzez baino, irudiz.