GI-20 saihesbidea, 'NO-DO'-ren eskutik
Donostiako lehenengo saihesbideak 50 urte bete ditu irailaren hasieran. Zortzi kilometroko autobidea egin zuten Herreraren eta Añorgaren artean, sei tunelekin eta hamaika zubirekin eta biadukturekin. Beste batzuen artean, Franco diktadorea izan zen inaugurazioan.
GI-20 saihesbideak mende erdi bete zuen hilaren 12an. 1972an inauguratu zuten, Aieteko tuneralen sarreran egin zen ekitaldi batean. Berezitasun gisa, nabarmentzekoa da ekitaldi horren burua Francisco Franco diktadorea izan zela, eta berak moztu zuela zinta errepidea ireki baino lehen.
Garai hartako NO-DO albistegi frankistak inaugurazioaren berri eman zueneko bideoan azaltzen denaren arabera, Donostiak “hobekuntza garrantzitsua” bizi izan zuen GI-20aren eraikuntzarekin: Herrera eta Añorga artean, zortzi kilometroko autobide zati berri bat egin zuten, sei tunelekin eta hamaika zubirekin eta biadukturekin. Obra hori Gipuzkoako hiriburuan “zirkulazio arazo garrantzitsu bat konpontzera” zetorrela nabarmendu zuen NO-DO-k.
Albistegiak, saihesbidearen nondik norakoak aipatu ostean, berehala egiten dio gorazarre diktadoreari: “Herri Lanen Ministerioaren egite hori inauguratzeko, bere gorentasuna iritsi da: estatuko burua, departamentuko titularrarekin. Eta hierarkia nazional eta probintzial altuek egin diote harrera”.
Saihesbidea Donostiako garaiko gotzainak, Argaia Goikoetxea doktoreak, bedeinkatu zuen. Jarraian, obraren plano batzuen bidez Francori saihesbidearen inguruko azalpenak eman zizkioten. Donostiako alkateak, Felipe de Ugartek, hitz batzuk esan zituen jarraian, eta Herri Lanen ministroak lan horien garrantzia nabarmendu zuen gero. Ondoren, honakoa zioen plaka bat inauguratu zuten: “Francisco Franco Espainiako buruzagiak autobide hau inauguratu zuen 1972ko irailaren 12an”.
Ekitaldia amaitzeko, Francok inaugurazio zinta moztu zuen bertaratu zirenen txalo artean, dantzariz jantzitako neskato batek eman zizkion guraizeekin.