"Hirian perretxikoak aurkitzea erraza da"
Loiolatarra elkarteak 23. Mikologia Jardunaldiak antolatu ditu. Hainbat mailatako ikastaroak atzo hasi ziren, eta urriaren 2an amaituko dira, auzoko Latsarien plazan egingo duten Perretxiko Jaiarekin. Bihar, ikastaroan parte hartzen ari direnek mendi irteera bat egingo dute, eta perretxikoak behar bezala nola jaso behar diren ikasiko dute; ondoren, identifikatu, sailkatu eta azkenengo egunean plazan egingo duten erakusketan jartzeko.

Loiolako Mikologia Jardunaldiak atzo hasi ziren, ikastaro batzuekin. Zer ikasten da haietan?
Mikologiaren munduan murgiltzen hasteko ikastaro batzuk dira. Mikologiaren historia azaltzen da, eta baita perretxikoen erreinua nolakoa den ere: onddoen elikadura, besteak beste. Horrez gain, parte hartzaileek perretxiko bat jangarria den edo ez ikasten dute, eta baita perretxiko bakoitza zein motatakoa den bereizten ere.
Maila desberdinetan banatuta daude ikastaro horiek. Mikologiarekiko zaletasun handia al dago Donostian?
Bai, oso handia. Ikastaroak mailaka banatzen ditugu, izan ere, aurreko urteetan ikastaroa egin duen jendeak errepikatu egiten du. Horiek maila bat dutenez, gehiago sakontzen dute mikologiaren inguruan, eta berriek, aldiz, oinarrizko kontzeptuak ikasten dituzte.
Nolakoa da jardunaldi hauetan izen ematen duten pertsonen profila?
Normalean, adin ertaineko jendeak hartzen du parte, eta hortik gorakoek. 45 urtetik gorakoak dira gehienak, eta badira erretiroa hartuta duten pertsonak ere.
Loiolakoak al dira denak?
Ez. Are gehiago, gehienak inguruko auzoetakoak dira, eta baita Gipuzkoako hainbat herritako jendea ere: Lasartekoak, Azpeitikoak, Hondarribikoak, Hernanikoak eta Astigarragakoak etorri izan dira. Loiolakoak bat edo bi izaten dira.
23. Mikologia Jardunaldiak dira aurtengoak. Nola aldatu dira urte hauetan guztietan?
Dezente aldatu dira. Izan ere, lehen, mikologikoak baino gehiago, gastronomikoak ziren. Gaur egun, ordea, guztia mikologia zientifikora bideratu dugu: perretxikoen ezagutza zabaltzera, euren sailkapenera, eta horrelakoetara. Gastronomiaren arloa alde batera utzi dugu. Lehen, ikastaroak egiten genituen perretxikoekin zer egin ikasteko, eta perretxikoekin prestatutako jakiekin afari bat ere egiten genuen.
Arlo zientifikoan jarri duzue arreta, beraz. Baina, noraino sakontzen da?
Perretxikoen azterketan aritzen gara, baina oinarrizko mailan. Ez gara espezie berrien bila aritzen, ezta perretxikoak mikroskopioekin aztertzen ere. Horretarako dago Aranzadi Zientzia Elkartea, besteak beste. Guk zientifikoki aztertzen ditugu, baina maila guztietako pertsonei bideratutako ikastaroak dira. Hau ez da zientzialariei eskainitako zerbait.
Berritasunik izango al da aurten?
Berritasun garrantzitsuena arlo gastronomikoa kendu dugula da. Esan bezala, orain arte beti zegoen horrekin lotutako ikastaroren bat edo afariren bat, baina aurten hori kentzea erabaki dugu. Gainerakoan, egitarauak onarpen ona izaten duenez, berdin mantendu dugu.
Bihar, irteera bat egingo dute mendira, perretxikoak jasotzeko.
Bai. Normalean, ikastaroan parte hartzen dutenekin mendira joaten gara txangoan, Leitzara (Nafarroa). Lehenik eta behin, naturariko errespetua izan behar dela azaltzen diegu, eta mendira perretxiko bila joaten direnean zer egin behar duten. Hau da, jangarria ez den perretxiko bat ikusten badu norbaitek, ez zaio ostikorik eman behar, naturan funtzio bat duelako perretxiko horrek. Horrelako gauzak azaldu ostean, perretxikoak nola jaso behar diren ikasten dute: ez dira moztu behar, osorik hartu baizik. Horrek behar bezala identifikatzea eta sailkatzea errazten du. Izan ere, norbaitek bat mozten badu, bere zati bat lur azpian geratzen da, eta perretxiko asko euren oinarriagatik identifikatzen dira. Ezaugarri guztiek balio dute espeziea identifikatzeko. Ondoren, txango horretan jasotako perretxiko guztiekin sailkapen bat egiten dugu.
Eta, Donostian bertan erraza al da perretxikoak aurkitzea?
Bai, noski. Kontuan izan behar da zuhaitzak dauden lekuan perretxikoak izateko aukera handia dagoela. Donostian, Igeldo, Ulia, Ametzagaina, eta inguruko mendi guztiak dira perretxikoak jasotzeko leku egokiak. Hiriko lorategietan ere jaso daitezke, baina ez da gomendagarria, ibilgailuen toxikotasunagatik, besteak beste. Hala ere, hezetasuna dagoenean eta horretarako baldintza klimatikoak egokiak direnean, berehala irteten dira perretxikoak.
Eta, jardunaldien barruan zer gehiago aurki daiteke?
Ikastaroen ostean, hilaren 30ean, Zaragozako Unibertsitateko Domingo Blanco irakasleak hitzaldi bat eskainiko du Loiolako kultur etxean, eta sarrera doakoa izango da. Urriaren 1ean, txangoan hartutako perretxikoen aukeraketa eta sailkapena egingo ditugu egun osoan, eta, urriaren 2an, Perretxiko Jaia egingo dugu, Latsarien Plazan. Bertan erakusketa bat egingo da sailkatutako perretxiko horiekin, eta azoka bat ere izango da, produktu mikologikoekin eta artisauekin.
Egun hori borobiltzeko, Pintxoaren Ibilbidea egingo duzue Loiolako tabernetan.
Bai, Perretxiko Jaiaren harira, auzoko tabernak beti animatzen dira perretxikoekin pintxo bereziak egitera. Egun horretako egitaraua betetzen laguntzen dute. Erakusketa ikustera etortzen den jendeak, agian, perretxikoak edo mendirako makilaren bat erosten du azokan, eta gero, tabernetan perretxikoekin egindako pintxoak jaten borobiltzen du eguna.