Jonas Truebaren 'Quien lo impide' lanak irabazi du XI. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Saria
Quién lo impide filmak irabazi du XI. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Saria. Jonas Truebak zuzendutako ikus-entzunezko ekoizpena dokumentalaren, fikzioaren eta testigantza-erregistroaren arteko nahasketa bat da, eta Ilusos Films ekoiztetxearen produkzioa eta Madrid Film Officen lankidetza izan ditu.
Saria Donostiako Udalak sustatzen du, Ekonomia Garapeneko Zinegotzigoaren eta Donostiako Sustapenaren bitartez, baita Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, Kultura Departamentuaren bitartez. Sari honen bidez, aitorpena eman nahi zaio ikus-entzunezko ekoiztetxeen lanari, ekoizpenen agertoki bihurtzen diren hirietan negozio- eta enplegu- aukerak sortzen dituztelako. Hala, agertoki dituzten tokietako hirigintza-, paisaia-, kultura- eta gizarte-balioak hobekien islatzen dituzten fikziozko film luzeak saritzen ditu.
Donostia Zinemaldiko zuzendariordea den Maialen Belokik, Meritxell Colell zinema zuzendariak eta Eneko Sagardoy aktoreak osatutako epaimahaiak eman du saria. Epaimahaikideek filmaren berrikuntza eta sormen askatasuna balioetsi dituzte, fikzioaren eta ez-fikzioaren mugekin jolasten baitu lanak.
Epaimahaiaren ustez, Quién lo impide filma, Madrilen filmatua, erretratu kolektibo bat da, “beharrezkoa”, eta gazteei buruzko beste ikuspegi bat ematen du, gazteek beren buruaz, axola zaienaz, nahi dutenaz eta behar dutenaz hitz egin dezaten utzita.
Ilusos Filmseko Javier Lafuentek jaso du 7.000 euroko saria, Kursaalean, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek antolatutako gala batean. Bertan izan dira, epaimahaiaz eta sarituez gain, Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, bai eta ikus-entzunezkoen sektorearekin lotutako beste erakunde batzuk ere.
‘Maixabel’, aipamen berezia
Era berean, Iciar Bollainen zuzendaritzapean Kowalski Films eta Feelgood Media ekoiztetxeek ekoiztutako Maixabel filmak Aipamen Berezia jaso du, aurten lehenengoz eman den saria, 2021ean filmatutako ikus-entzunezko ekoizpena aitortzeko.
Maixabel Gipuzkoan filmatu zen ia bi hilabetez eta, ondorioz, langile teknikoak, artistikoak eta figuranteak kontratatu ziren, baita ekipoak eta materiala alokatu ere. Gainera, SSGFC zerbitzuak filmaketaren aurreko fasean lagundu zuen kokalekuak bilatzen, eta filmaketan zehar, baimenak kudeatzen eta izapidetzen.
Koldo Zuazua ekoizleak jaso du 3.000 eurotako Aipamen Berezia, eta bertan adierazi duenez, “emozio eta errekonozimendu handiko urte oso baten amaiera da. Gainera, ilusio berezia egiten du Donostian jasotzeak, proiektua bertan jaio baitzen”.