Marisol Garmendiak trafiko aldaketek sortutako arazoak konpontzeko "premiazko bilera" bat egiteko eskatu du
Donostiako Sozialisten bozeramaile Marisol Garmendiak mugikortasunaren gaian inplikatuta dauden “eragile herritar guztien premiazko deialdia” eskatu du, guztion artean hiriko azken trafiko aldaketek sortutako arazoak konpontzeko alternatiba egokiak bilatzeko.
Garmendiak adierazi duenez, donostiarrek egunero pairatzen dituzten arazoak, agian aurreikusi gabe zeudenak, “errealitate ukaezina dira, eta bide jakin batzuetatik zirkulatzea zailtzen ari dira, lehen ez zeuden lekuetan arazoak sortuz. Ez bakarrik garraio pribaturako, baita garraio publikorako ere. Ezin dugu ebidentzia ukatu, eta labirintoaren irteera bilatu behar dugu, inplikatutako sektore guztien laguntzarekin.”
Bozeramaile sozialistak gogorarazi du abuztuan ere kezka agertu zuela hirian sortu zen “zirkulazio kaos” nabarmenagatik. “Erantzukizunez, egoera hobetzen ari ote zen ikusteko behar zen denbora itxaron dugu, baina oraindik ere ikusten dugu aplikatutako trafiko-aldaketek ez dutela Donostiako herritarren egunerokoa hobetzen”, adierazi du.
Mugikortasun Iraunkorrari buruzko Plan Estrategiko baten oinarriak ezartzeko beharraz gain, “mugikortasun arloan hiria bideratzeko adostutako ibilbide-orri bat”, diseinatzea beharrezkoa iruditzen zaio Garmendiari, sortutako arazoak arintzeko.
“Konpondu egin behar da Urbieta kalearen eta San Martin kalera sartzeko eskuinerako biraketaren arteko bidegurutze arriskutsuan sortutako arazoa. Damutzeko moduko zerbait gertatu baino lehen egin behar da. Dagoeneko hainbat istripu izan dira eta begien bistakoa dena ezin dugu ukatu, begietan benda batekin jarraituz. Garraio publikoko gidariek, ibilgailu pribatuetako gidariek, motor-gidariek… erreklamatzen dute”, nabarmendu du zinegotziak.
Bigarrenik, Garmendiak proposatu du Hondarribia kalearen egungo semaforoa San Martin kalearekiko bidegurutzean egungo eta etorkizuneko trafiko errealitateetara egokitzea, Artzain Onaren ingurua oinezkoentzako gune gisa geratuko baita: “Semaforoaren maiztasuna mantentzeak, beharrezkoak ez diren auto pilaketak sortzen ditu eta horrek Hondarribia kalea kolapsatzen du; ondorioz, kutsadura arazoak sortzen dira, eta kalte nabarmena eragiten die inguru horretako bizilagunei”. “Semaforo honen maiztasuna hobetu daiteke oinezkoen eta bizikleten joan-etorria bermatuz eta trafikoa gehiegi ez mantenduz”.
Era berean, “beharrezkoa” iruditzen zaio Anoetako motorren aparkalekua berreskuratzea.
“Beharrezkoa da elkarrizketa eta akordioa, zentzuzko Mugikortasun Plana adosteko. Entzutea eta zuzentzea jakintsuena da. Argi dugu egungo egoera ez dela zuzena, eta premiazkoa eta ezinbestekoa da arazoa bideratzea”, ondorioztatu du Garmendiak.