'Parketarrak', euskaraz jolasean aritzeko ekimena, Donostiako hamazazpi auzotan egingo da
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeek antolatzen duten Parketarrak egitasmoa Donostiako hamazazpi auzotan antolatuko da iraila-urria bitartean. Lehen saioak irailaren 26an hasiko dira Morlansen, Txomin-enean, Añorgan eta Altzan. Hortik aurrera, urriaren 19ra arte, hiriko auzoetako parke eta plazetan euskaraz jolasean aritzeko aukera eskainiko da doan.
Parketarrak ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. Egitasmo hau bi programatan banatuta dago: bata, Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa, eta bestea, Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat.
Aurten, egitasmoa honako auzo hauetan egingo da: Gros, Antigua, Altza, Añorga, Bidebieta, Loiola, Loiolako Erriberak, Txomin-enea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans, Ibaeta eta Intxaurrondon.